Santo Tomas egunean, abenduak 21, Bilbon jokatu zan Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeak antolatutako Bizkaiko Binakako Aizkora Txapelketea. Lehenengo eta bigarren mailako txapelketak egin ziran eta kasu bietan, txapeletako bat dimoztarrek eroan eben. Aitzol Atutxak Julen Larreagaz irabazi eban lehenengo mailan eta bigarrenean, Xabier Gartzia "Utxu" eta Beñat Lekue nagusitu ziran.
Lehenengo mailako proban, 54" eta 60"-ko seina enbor zatitu behar izan ebezan parte-hartzaileek. Aitzol Atutxak eta Julen Larreak 22 minutu eta 52 segundo behar izan ebezan. Atzetik geratu ziran Hodei Ezpeleta-Ioritz Gisasola (23 minutu eta 29 segundo) eta David Naredo-Aritz Irazabal (25 minutu eta 50 segundo) bikoteak.
Bigarren mailako proban, 54" eta 60"-ko hiruna enbor ebagi behar izan ebezan probalariek. Xabier Gartzia "Utxu" eta Beñat Lekue nagusitu ziran 17 minutu eta 42 segundoko denporeagaz. Bigarren mailan Marco Nevado eta Borja Fernandez bikotea izan zan (19 minutu eta 02 segundo) eta hirugarrena, Mikel Agirre-Daniel Lopez (19 minutu eta 26 segundo).