Domekan Basaurin jokatuko ziran Emakume Master Cup zirkuituko Lau t'erdiko txapelketaren finalaurreko saioak eta holan, ebatzita geratu da abenduaren 15ean Sestaon jokatuko dan final handia. Aurreko urtean legez, Amaia Aldai eta Goiuri Zabaleta egongo dira aurrez aurre finalean. Aldaik 22-12 garaitu eban finalaurrekoetan Miriam Arrillaga eta Zabaletak be, 22-12 egin eban Itxaso Erasunen kontra. Beraz, Dimako pelotariak bere laugarren txapela janzteko aukerea izango dau.
Aldai eta Arrillagak atzo kaiolan eskainitako lehia burrukatua eta estua izan zan igazkoagaz alderatuta, lehenengo zatian gitxienez. Izan be, partiduak aurpegi oso desbardin bi izan ebazan. Lehen zatian, tanto luze eta peloteatuakaz gozatu eben Basaurin batutako ikusleek. Holan, 14-12ra arte garaipena edozeinek lortu ahal izan eban. Baina Dimakoa estu ikusi zanean, bere ohiko joko oldarkorra atera eban eta Arrillagari jokatuteko aukerarik itxi barik, zuzenean heldu zan Aldai 14tik 22ra.