Zemendiaren 19an, martitzena, Dimako jubiladuen lokalean euskal mitologia izango da berbagaia. Izan be, Txumuluxueta eta Zamakola kultur alkarteek Zelan aitu behar dira ipuin mitologikoak? berbaldia antolatu dabe. Hau 18:30ean hasiko da eta Jon Mentxakatorre filosofia doktorea konbidau dabe gaian sakonduteko asmoz.
Jon Mentxakatorre galdakaoztarra filosofian doktoratua eta Giza Zientzietan graduatua da. Antropologia eta mitologiaren inguruan egin ditu hainbat azterketa, kontakizun edo ipuin mitologikoak batu bakarrik ez, honeen zuztarrak eta eragin sozialak be aztertu ditu eta. 2023ko Aita Onaindia bekaren bitartez, Labayru Fundazioagaz eta Zornotzako Udalagaz argitarau ditu Euskal ahozko ipuinak eta lurpeko eremua. Antologia eta azterketa. I eta II liburuak. Azterketa hori izango da berbaldiaren oinarria.