ASTEKLIMA, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea, urri bigarrenaren 18tik 27ra ospatuko da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan beharrezko transizino energetiko eta klimatikoaren inguruan euskal gizartea kontzientziau eta mobilizetako. "Ekintza oro, txikia bada be, garrantzitsua da" lelopeko kanpainearen bosgarren edizino hau Eusko Jaurlaritzako Industria, Transizino Energetiko eta Jasangarritasun Sailak antolatu dau eta Diman, hiru ekintza eta Igorren beste bat antolatu dira honen inguruan.
Pasau dan barikuan egin zan Trakamatrakaren musika instrumentu berziklatuen tailerra eta gaur eta bihar bitartean, berbaldi bi dagoz programauta. Gaur, hilak 23, Tantai Baso Jabeen Kooperatibak Basoak kudeatzeko beste eredu bat berbaldia eskainiko dau Abaroa aretoan, 18:30ean. Tantai bertasko espeziakaz osotutako basoak bultzatzen dituan ekimena da, "gaixotasun eta izurriteekiko eta klima larrialdiarekiko erresilienteagoak diralako", "baita errentagarritasun ekonomiko ona erakusten dauan eredua dalako". Horrezaz gainera, kooperatibak aholkularitza eta gidaritza zerbitzuak eskaintzen ditu basoak era jasangarrian kudeatze aldera.
Bihar ostera, hilak 24, bakotxak bere etxeko argindarraren fakturea eroan eta honen gainean informetako aukerea egongo da. Diman Jagon Naturak antolatuta eta Dimener zein Goiener kooperatibaren laguntzeagaz egingo da saioa. Bertan, argindarraren fakturearen atal desbardinak zer diran azaldu eta energia aurrezteko gakoak emongo ditue. Abaroa aretoan, 18:30ean hasiko da berbaldia.
Bizikleta Solidarioak Igorren
Urri bigarrenaren 25ean barriz, barikua, Bizikleta Solidarioak proiektuaren aurkezpena egingo da Arratia BHI institutuko aretoan, 11:00etan. Proiektu honen bitartez aniztasun kurrikularreko ikasleek, irakasle eta jubiladsuen laguntzeagaz botatako bizikleta zaharrak jaso eta konponduko ditue. Gero, mankomunidadeagaz eta udalagaz adostuta, bizikleta horreek herritar guztientzako eskuragarri ipiniko dira. Proiektuak mobikortasun jasangarriago baterako pauso txikiak egitea dauka helburu, bai eta komunidade giroa eratzea be.