ASTEKLIMA, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea, urri bigarrenaren 18tik 27ra ospatuko da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan beharrezko transizino energetiko eta klimatikoaren inguruan euskal gizartea kontzientziau eta mobilizetako. "Ekintza oro, txikia bada be, garrantzitsua da" lelopeko kanpainearen bosgarren edizino hau Eusko Jaurlaritzako Industria, Transizino Energetiko eta Jasangarritasun Sailak antolatu dau eta Diman, ekintza bi eta Igorren beste bat antolatu dira honen inguruan.
Batetik, urri bigarrenaren 18an, barikua, Trakamatraka konpainiaren musika tresnen tailerra egingo da Dimako frontoi txikian, 18:00etatik aurrera. Trakamatraka proiektua musikea eta birziklatzea, sormena eta irudimena, musika aniztasuna eta ingurumenaganazko errespetua bateratzen dauzan ekimena da. Material birziklatuakaz egiten ditu instrumentuak, eta honeekaz kontzertu zein tailerrak eskaini.
Datorren eguaztenean ostera, hilak 23, Tantai Baso Jabeen Kooperatibak Basoak kudeatzeko beste eredu bat berbaldia eskainiko dau Abaroa aretoan, 18:30ean. Tantai bertasko espeziakaz osotutako basoak bultzatzen dituan ekimena da, "gaixotasun eta izurriteekiko eta klima larrialdiarekiko erresilienteagoak diralako", "baita errentagarritasun ekonomiko ona erakusten dauan eredua dalako". Horrezaz gainera, kooperatibak aholkularitza eta gidaritza zerbitzuak eskaintzen ditu basoak era jasangarrian kudeatze aldera.
Urri bigarrenaren 25ean barriz, barikua, Bizikleta Solidarioak proiektuaren aurkezpena egingo da Arratia BHI institutuko aretoan, 11:00etan. Proiektu honen bitartez aniztasun kurrikularreko ikasleek, irakasle eta jubiladsuen laguntzeagaz botatako bizikleta zaharrak jaso eta konponduko ditue. Gero, mankomunidadeagaz eta udalagaz adostuta, bizikleta horreek herritar guztientzako eskuragarri ipiniko dira. Proiektuak mobikortasun jasangarriago baterako pauso txikiak egitea dauka helburu, bai eta komunidade giroa eratzea be.