Dimako Zizetan mendi martxea urtero egiten da, zizen sasoian, udagoienean. Aurten be holan izango da eta Dima mendizalez beteko da urri bigarrenaren 19an, zapatua. Ibilbide bi egongo dira aukeran; Zizetan ibilbideak 21 kilometro daukaz eta ibilbide familiarrak ostera, bederatzi kilometro.
Partaideak, goizeko 08:00retan abiatuko dira frontoi txikitik, ibilbidearen 21 kilometroak egiteko. Hain ibilbide luzea egin gura ez dabenentzat beste aukera bat dago, familia ibilbidea izentau dabena, 9 kilometroko ingurukoa. Honeek 10:00etan urtengo dira frontoitik. Helmuga kontrola 14:00etan zarratuko da.
Izena emoteko aukera bi dagoz. Batetik martxearen egunean egin daiteke inskripzinoa urtekera ordua baino ordu erdi arinago hamar euro ordainduta. Baina izen-emotea online egin ezkero, bost euro baino ez dira ordaindu behar; hau ostera, hilaren 15era arte baino ezingo da egin. Hamalau urtetik beherakoek barriz, doban egin leikie martxea.
Bolondres bila
Martxa herrikoi guztietan dira beharrezkoak antolakuntzan arituteko bolondresak eta Zizetan ez da gitxiago. Urtekera eta helmugan laguntzeko jentea zein hornikuntza puntuetan egoteko jentea behar da. Parte-hartu gura izan ezkero udaletxean, 94 631 57 25 telefonoan edo 685 759 997 WhatsApp-ean emon daiteke izena.