Zapatu arrastian jokatu ziran Lezon, Josetxo Etxandiren omenezko txapelketako hiru finalak. Finalisten artean, dimoztar bi egon ziran. Xabi Rekalde promesen mailako lau eta erdiko finalean izan zan baina ez eban Oihan Etxeberria garaitzerik lortu. Andren binakakoan ostera, Amaia Aldai egon zan Miren Larrartegaz eta txapela Dimara joan zan, Olatz Arrizabalaga eta Miriam Arrillaga garaitu ebezan eta.
Rekalderena izan zan lehen aurrez aurrekoa. Etxeberriak ezin hobeto hasi eban partidua, Dimakoari erritmoa hartzen itxi ez eta 0-9 ipini zan aurretik. Halanda be, Rekaldek beste martxa bat sartuta 14-13an ipintea lortu eban, baina gipuzkoarrak dinamika hori laster hautsi eban, 15-21 aurreratuta. Atzen tantua luzatzea lortu eban Rekaldek, 18-21. Ezustean irabazteko atea zabalik eukanean, Etxebarriak egin eban atzen tantua, partidua 18-22 ebatzita itxita.
Fernandez-Loza bikoteak Amiano-Alduntzin bikotea 22-13 irabazita amaitu zan bigarren finala eta orduan urten ziran pelotalekura Aldai-Larrarte eta Arrizabalaga-Arrillaga. Hasikerea bardintsua izan zan, ez batak ez besteak ez eben lortu alde handirik ateratea. 13-13a izan zan atzen bardinketea eta hortik aurrera, Larrarte eta Aldaik aurrera egin eben atzera begiratu barik, 22-15era ailegau ziran arte.