gastronomia

Gorbeialdeara dator Mahasti Artean jaialdiaren bosgarren edizinoa

Asier Abrisketa 2024ko ira. 10a, 10:00

Astegoien honetan izango dan jaialdian Dimako Garena jatetxean eta Usansoloko Bodega Berez Galantan egingo dira hainbat ekitaldi.

Bakio, Urdaibai, Txorierri eta Enkarterritik pasau ostean, Mahasti Artean jaialdi gastronomikoa Gorbeia azpian ospatuko da aurten; Dimako Garena jatetxean eta Usansoloko Bodega Berez Galantan hain zuzen be. Hilaren 13, 14 eta 15ean egingo dira kirol eta kultur ekintzak, txakolina erdigunean jarrita. Honeetarako txartelak bizkaikotxakolina.eus webgunean dagoz eskuragai.

Barikuan, hilak 13, Garenan hasiko da jaialdia, The Wine Up Comedy ikuskizun komikoagaz. Shila Gonzalez aktore eta monologistak egingo dau bakarrizketea, ardaoa eta barreak buztartuz. Garena, Udabe eta Gure Ahaleginak upategietako txakolina, Idiazabal gaztaia eta bertoko ogia egongo dira dastatzeko.

Zapatuan barriz, ekintza bikotxa egingo da Usansoloko Berez Galanta upategian. Miren Mentxakaren eskutik yoga saioa egingo da mahasti artean. Iluntzean barriz Hertzainak taldeko Gari eta Maldanbera bandearen emonaldia eta Lorelei Green taldearen kontzertuak egongo dira. Aukera bietan egongo dira txakolin eta pintxo dastaketak.

Jaialdia amaituteko domekan, hilak 15, gastronomia egongo da zentroan. Eguna Garenako mahastietatik ibilaldiagaz hasiko da eta gero, dastaketea egongo da, Zigor DZ musikariak girotuta. Julen Baz sukaldariak egindako lau pintxo egongo dira dastaketan, txakolinakaz buztartuta.

 

cartel MA 2024

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!