laburbira

Laburbira zirkuituaren Arratiako lehen geralekua izango da Dima, barikuan

Asier Abrisketa 2024ko api. 18a, 11:26
Ander Iruretagoienaren 'Babesa' filmaren irudia.

Eskolako kamaran, 19:30etik aurrera proiektauko dira aurtengo Laburbira osotuten daben euskerazko zortzi film laburrak

Euskaltzaileen Topaguneak antolatuta, martxan dago XXI. Laburbira eta 35 herritan egingo diran geldialdien artean lautan egongo da Arratian. Aurtengo eskaintzea osostuten dabe euskerazko zortzi film laburrak ikusteko lehenengo aukerea Diman izango da bihar, hilak 19. 19:30ean eskolako kamaran. Gero, Igorren aprilaren 26an, Areatzan maiatzaren 3an eta Artean maiatzaren 10ean egongo dira aukera gehiago.

Zortzi film

Babesa: Ander Iruretagoienaren 19 minutuko film honek egoera zailean dagoan gazte baten istorioa dakarku. “Aratz, egoera zailak bizi dituan gaztea da, sare sozial urria dauka, lan prekaridadea eta ama gaixo terminala, etenbako laguntza behar dauana. Egoera horrek ansiedadea eta egonezina sortzean deutsaz eta familiaren arazoak konponduteko eta bizitza hobetuteko preminak dirua irabazi beharra handitzen deutso. Prostituzinoan ikusten dau Aratzek arazoak azkar konpontzeko bidea. Hor ezagutuko dau Migel, eta harenganako sentiduko dauan erakarpenak gainditu egingo dau gainerako bezeroakaz daukan harremana. Horrek ustebako egoera batera eroango dau”.

Mundu berri bat: Mikel Alvarezen film honek apokalipsiaren osteko mundua imajinetan dau. “Apokalipsi zonbiari hogei urtez biziraun ostean, janari bilketatik etxera itzultzean, artaburu zuri baten hozkada jaso dau Loinazek. Bere buruaz beste egitetik hur dagoala, plagea amaitu dala jakiten dau. Sendagaia topatu dabe eta etxean daukanagaz prestatu daike. Mundu berri bat dauka aurretik, edo ez?”. Aktore lanetan, Miren Gojenolak, Ander Edok, Ainara Atorrasagastik, Imanol Aristik eta Gorka Estonbak dihardue.

Zirrara: Ane Cuestaren film honek neskato bat bere gorputza deskubriduten hasten danekoa kontetan dau. Deskubrimentu horrek uste baino buruhauste handiagoak ekarriko deutsaz neskatoari. 

Talkak: Ilune Diazen eta Jordi Nueten Talkak filmak, krisian dagoan bikoten baten istorioa kontetan dau. Bikoteak, bere arazoak amen baten konponduko dituan ez-usteko talkaterapia perfektua topauko dau jolas azoka baten.

Betizu buru: Kim Maiteny Munoak zuzendutako 16 minutuko filma da Betizu buru. “Miren eta Manuren erlazinoa ez doa ondo, eta baserri bat hartu dabe asteburua pasa eta harremana konpontzen saiatzeko. Bortizkeriak bortizkeria dakar, eta bailarako kondairak dino zintzarri bat dala zapaltzaileek entzuten daben atzen hotsa...” sinopsiaren arabera.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!