Zezeilean publikau eban Jesus Gonzalez-Urquijok Journal of Human Evolution aldizkarian, Dimako Axlor kobako indusketetan oin dala 20 urte inguru topautako hiru haginen analisia. Bertan, azalduten da oin dala 100.000 urte bizi izandako 10 eta 12 urte bitarteko ume bi eta heldu gazte baten haginak dirala, Iberiar peninsulako iparraldean topautako zaharrenak.
Neandertal honeek, neandertalen eta sapiensen arteko harremanen eta Asia zentraleko neandertalen hedapenaren aurretik bizi izan ziran, Goi Pleistozenoaren hasikeran.
Barandiaranek 1932an Axlor topau eta 1960ko hamarkadan indusketak egiten hasi ziranetik, neandertalen sasoi desbardinetako hagin eta errastuak topau dira aztarnategian, sekuentzia arkeologiko luzea, neandertalen kultura desbardinak ikertuteko aukerea emoten dauana.
Neandertalak Arratian
Neandertalen gainean berba egiten dogunean, 160.000 urteri buruz gabiz berba egiten, eta giro ekologiko oso desbardinetan bizi izan ziran neandertalak: glaziazinoetan eta sasoi epeletan, hain zuzen be. Arratiako bailaran, glaziazinoarteko sasoian, tenperaturak oso altuak ziran, gaur egungoak baino 5 gradu altuagoak, “Euskadi tropikala”. Arratian, makakoak, hamsterrak, eta epoka glaziarretan egon ez ziran eta gaur egun be ez dagozan hainbait animalia eta landare bizi izan ziran.