eskupelotea

Hirugarrenez jantzi dau Amaia Aldaik MLK Lau eta Erdiko txapela

Asier Abrisketa 2023ko abenduaren 19a

Domekan Durangon jokatutako finalean 22-13 nagusitu zan dimoztarra, Goiuri Zabaletaren aurka.

Amaia Aldai eta Goiuri Zabaleta egon ziran hilaren 17an aurrez aurre, Emakume Master Cup zirkuituko banakako txapelketa gorena dan Master Laboral Kutxa Lau eta Erdiko txapelketako finalean. Durangoko Ezkurdi pelotalekuan jokatu zan finala eta pelotari dimoztarra argi nagusitu zan, 22-13 irabazita. Holan, Aldaik hirugarrenez jantzi dau txapelketa honetako txapela, jokatu diran hiru edizinoetako bakotxaren irabazle izan da-ta.

Goiuri Zabaleta gazteak, hamalau urte ditu, txapelketan zehar aurrera egiteko kalidadea erakutsi dauan arren, ezin izan eban Aldairen erritmoa jarraitu. Dimakoa hasi zan irabazten, 6-1 eko aldea lortzeraino. Gero, Zabaletak hurreratutea lortu eban, 7-6, baina ezin izan zan aurretik ipini. Holan, Aldaik bereganatu eban barriro jokoa eta tantuz tantu, aldea handitzen joan zan 22-13ra arte.

Gazte mailako txapela be, Dimara

MLK Lau eta Erdiko txapelketearen maila desbardinetako finalak jokatu ziran domekan Durangon eta elite mailakoa, Aldairen buruan, ez zan Dimara heldu zan txapel bakarra izan. Izan be, pilota mistoko gazteen maialan, Malen Lamadrid dimoztarra izan zan garaile. Onintza Galdosi 18-13 irabazita lortu eban txapela Lamadridek.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!