auzoak

Bihar hasiko dira Dimako Udalak antolatutako auzo batzarrak

Asier Abrisketa 2023ko urr. 25a, 09:58

Eguenean, zapatuan, domekan eta astelehenean batuko dira udal ordezkariak auzune guztietako bizilagunakaz, eretxi eta eskariak jasoteko.

Dimako Udalak antolatuta, datozen egunetan auzo batzar ugari egingo dira, auzoz auzo ibiliko dira-ta udal ordezkariak. Bihar, hilak 26, hasi eta astelehenerarte, hilak 30, egingo dira batzarrak eta bertan, udal ordezkariak aurkeztu eta udal jarduerearen barri emon da. Gainera, herritarren eretxi, eskari eta kezkak alkarbanatuteko tartea izango da. Udaletik argitu dabenez, norberaren auzo batzarrera hurbildu ezean, beste batera joateko aukerea dagoala.

Lehenengo auzo batzarrak, eguen arrastian izango dira. 18:00etan Bargondiako ermitara deituta dagoz Azmendi, Mugaratz, Bargondia eta Baltzolako auzotarrak. Gero, 19:00etan San Balentin ermitan batuko dira San Balentin, Santiago, Jandonekobe, Artabe, Elexatzu, Olakoetxe, Leitoki, Errotazar, Elexpe, Bargaun eta Egiraungo bizilagunak. Atzenik, 20:00etan Ibarrako eskolan dagoz deituta Bengoetxe eta Ibarrako auzotarrak.

Hilaren 28an, zapatua, ostera batzarrak goizez egingo dira. Holan, 10:00etan Indusiko txokoan batuko dira Ubo, Bentatxuri, Bernaola, Belatxa, Olalde, Zamakola, Gibeltar, Landaxola, Goñola, Kortabarria, Urzabaleta, Oladu, Elgabide, Makaztui eta Lapurriketan bizi diran lagunak. Gero, 11:30ean, Kaltzada, Aroztegieta, Lamindao, Iturriotz, Iraugi eta Ilunbeko auzotarren txandea izango da, Aroztegieta-Lamindaoko ermitan. Zapatuko atzena Olazabalgo ermitan egingo da, 13:00etan, Artzubi, Santuru, Bengoetxe, Zelaieta, Ziarrusta, Agarre, Ziorrostabeiti, Munetxa, Artzubigane eta Olazabalgo bizilagunakaz.

Domekan barriz,  lehen batzarra 10:00etan izango da Artaungo txokoan, Biteriño, Artaun eta Ugariotz auzoetako bizilagunakaz. Gero, 11:30ean Bikarregiko ermitara deituta dagoz Amantegi eta Bikarregi goiko zein beheko auzotarrakaz. Eta 13:00etan Obako txokoan izango da atzena Atutx, Emaldi, Barrandi eta Obako jenteagaz.

Atzen batzarra erdiguneko auzotarrakaz izango da astelehenean 19:00etan udaletxean bertan. Batzar honetara Zubimakurre, Landaburu, Elexondo, Ugarana, Telleri eta Errementeriondoko lagunak dagoz deituta.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!