mitologia

Baltzola eta Jentilzubitik ibilbide mitologiko gidatua egingo da domeka goizean

Asier Abrisketa 2023ko urriaren 6a

Izena aldez aurretik emon behar da 94 681 41 55 telefonoan edo urkiola.parke.naturala@bizkaia.eus helbidean.

Domekan, hilak 8, Urkiolako Parketxeak antolatutako ibilbide mitologiko gidatua egingo da, Indusiko Olabarriko San Franziko ermitatik 10:00etan hasita, Jentilzubitik pasau eta Baltzolaraino. Paraje honeetan, Sugaar, Mari, Basajaun, jentilak eta beste izanki mitologiko batzuen kondaira zaharrak dagoz eta honeek ezetuteko aukerea izango da.

"Ibilbide erraz honetan, honeen sekretuak eta leku honetan errotuta dagozan kondaira zaharrak ezetuko doguz, baita beste hainbat be. Bertoko zugatz espezie nagusiakaz lotutako sinismenak eta errituak kontauz, basoaren antxinako kultureari buruz be zeozertxo gehiago ikasiko dogu. Altxor immaterial zoragarri hau gure atzamar puntakaz ikututen konbidetan zaitugu" dinoe antolakuntzatik.

Bigarren ibilbide mitologiko bat, oingoan Gorbeiako Parketxeak antolatuta, egongo da hilaren 15ean. Hau Saldropotik urtengo da eta lau kilometroko ibilbidean zehar, hainbat kondaira eta istorio entzuteko aukerea egongo da. Izena, 94 673 92 79 telefonoan edo gorbeia.parke.naturala@bizkaia.eus helbidean emon daiteke.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!