Urri lehenengoaren atzen asteburuan, “metal eta rock-aren inguruko dibersidade handiko taldeen” musikeak hartuko dau Dima. Hamaika dira konbidau dabezan taldeak. Barikuan, 18:00etatik aurrera Pi L.T., Asgarth, Bullets of Misery, Alma Culter eta Penny Fleck taldeak entzun ahalko dira hurregoz hurrengo. Zapatuan barriz, Cobra, Kristonak, Numen, We Exist Even Dead, Rodeo eta Calathea. Honeek be, 18:00etan hasiko dira. Horrezaz gain, DJ Jarros-ek (Dani Alvarez) zapatu gaua girotuko dau, kontzertuak amaitu eta gero.
Musikearen inguruan, kontzertuez gainera, beste ekintza batzuk be antolatu ditue "dimetaleroek". Berbarako, bertso bazkari metaleroa. Euskal kulturea eta heavy metalaren azpikulturea batzean dituen "metalbertsoak" egongo dira. Kapi Guarrotxena (Porco Bravo, OST, Unholy Covers) gitarra-jolearen solo batez lagunduta, Oihana Bartra eta Paule Loizaga bertsolariek botako dabez bertsoak, estilo honetako musikeari lotutako gaiak jorratuz. Gai-emoile beharrak Ibon Izak egingo ditu. Txartelak salgai dagoz udaletxean eta Baltzola jatetxean, hamazortzi euroren trukean. Egunean bertan, txosnan be lortu daitekez.
Taldez talde.
Cobra: Cobra 2006an sortutako rock-metal taldea da, talde entsutetsuetako jentea batu dauana: Berri Txarrak-eko David Gonzalez baxuan, Evirus69-ko Josu Luengo gitarran, Kokein-eko Haritz Leteren ahotsa eta Dinero-ko Ekain Elorza baterian. Urte honeetan sei disko argitaratu ditue: The Strong Arm of the Rock (2007), Thriller! (2011), Covered (2012), Riffyard (2016) eta atzena, Fyre (2020).
Asgarth: Asgarth 1997an jaio zan Donostiako Añorga auzoan eta gora-behera handiak izan dituan taldea da. Izan be, hasikeran oihartzun handia izan eban baina 2007an, taldea disolbatu zan. 2020an urten behar ziran barriro oholtzara baina pandemia dala-ta, urte bi gehiago itxaron behar izan ziran. Oin, “estilo klasikora, boskotea eraberrituta eta soinua indartuta” datoz Asier Enbil (ahotsa eta teklatua), Ander Cañas (gitarrea), Unai Zabala (gitarrea), Mikel Yarza (baxua) eta Etxahun Urkizu (bateria). 2022an disko barria kaleratu eben, Zeldatik. Aurretik, Jainkoen egoitza (1999), Etorkizunaren sustraia (2001), III (2002) eta Garrasia (2005) grabau ebezan.
Numen: Numen 1997. urtean Arrasaten jaiotako taldea da. Aritz (ahotsa), Jabo (gitarrea), Xabi (gitarrea), Lander (baxua), Eol (teklatua eta ahotsa) eta Eihar (bateria) dira atzen diskoko taldekideak. Euskal Herrian, muturreko metala eta folka buztartuten lehenengotarikoak izan ziran, euskal folk musika tresnak be erabilita, albokea eta txalapartea. Kanten letretan be, agerikoa da Euskal Herria: mitologia, kondairak, guda zaharrak eta kristautasunarekiko gorrotoa. Holan, black metal pagano-aren munduan kokatzen da Numen. Sei lan argitarau ditu: Haize sorginduen intziriak (2000), Galdutako itxaropenaren eresia (2001), …jarrai beza kondairak (2003), Basoaren semeak (2003), Numen (2007) eta Iluntasuna besarkatu nuen betiko (2019).
Bullets of Misery: Bullets of Misery Gernikan jaio zan eta hamabost urte daroaz oholtzan. Lau disko argitaratu ditue daborduko, urrietan aurkeztu eban atzena: Debile principium melior fortuna sequatur (Violence in the Veins). Death metal, thrash eta hardcore musikea lantzean dabe baina batez be, eurena "%100 baserriko death-a" dala dinoe.
We Exist Even Dead: Kataluniako metalcore taldea da WEED, 2016an Arthur Hardek (ahotsa), Guillek (baxua), Moshmannek (bateria), Oscarrek (gitarrea) eta Alejandrok (gitarrea) osotutakoa. Hasikeratik izan da asmo handiko taldea, metalaren nazinoarteko eszenan sartzeako helburuagaz, estilo desbardinak buztartuteko beldur bakoa. Momentuz, disko labur bat, Meet No End (2016) eta luze bat, Eventide (2018), arfitaratu ditue.
Rodeo: 2014an Zestoan batutako laukotea da Rodeo taldea eta lehenengoz, 2015ean igon ziran oholtzara. Ordutik, Kyuss taldearen eragin handia daukan stoner-rock musikea egiten dabe Mikel Illarramendik (ahotsa eta gitarrea), Ortzi Alberdik (gitarrea eta koruak) Beñat Subinasek (baxua) eta Oroitz Urbietak (bateria, koruak). Oin arte, lau dira Rodeok argitaratu dituan lanak: Rodeo (2017), Dilmun (2018), Ezherrian (2020) eta Moira (2022).
Calathea: Callathea 2021ean Galdakaon sortutako laukotea da eta iraganeko rocka zein hardcorea buztartuten dauz. Eurena, "inork azaleratu gura ez dauzan sentimenduak gure barneko forma gordinenean oihukatzen dauan musikea" dala dinoe. Doinuen iturri nagusi lez barriz, Viva Belgrado, Counterpartes talde kanadiarra eta Meltdown hernaniarra ditue, besteak beste.
Alma Culter: Alma Culter street metal taldea da, 40 urtetik gorako esperientzia daukan Maria Luz Gonzalez ‘Marilu’-k osotutakoa. Euskal metalean, aitzindarietako da Marilu eta Ladies of Metal bilduma 2017an argitaratzerakoan animau zan barriro talde bat osotzera. Holan, Arbi gitarra-jole, Pako bateria-jole eta Iñaki baxu-joleagaz batu zan. Hasteko, bost abestitako diska laburra, Alma Culter, atera eben eta 2022an Caos diskoa.
Penny Fleck: Durangaldeko Penny Fleck boskotea rock eta stoner musikaren artean dabil, onartu dabenez, baita pop-rockean be. Urte bi pasatxo dira lehenengoz Joannah Keene (abotsa), Iñigo Larringan Moin (kitarrea), Jokin Larrea (bateria), Jon Revilla Yuki (kitarrea) eta Koldo Zubia (baxua) lehenengoz batu ziranetik eta lehen diskoa, Secret Keeper 2022ko urrietan argitaratu zan. Talde barria da baina proiektu desbardinetan ibilitako jenteagaz osotutakoa. Besteak beste Storm, Arto Bixarra, Dirties, Sermonds, Xaiko edota Kilauea taldeetan.
PI L.T.: PI L.T. 1993an Mungian sortu eben Aitor Abiok (teklatuak, koruak), Jose Manuel Sampedro 'Xanpe'-k (bateria), Rafa Ruedak (gitarrea, ahotsa) eta Txarli Solanok (baxua). Euskal rock eta metal talde entzutetsua izan zan 90. hamarkadan, 2005ean banda disolbatu zan arte. Ordura arte, lau disko argitaratu ebezan: Π L.T. (1995), Denbora (1998), 3 (1999), Minus (2002) eta Game Over (2004). Hamarkada batetik gora isilik egon zan taldea baina 2017an jakinarazo eben, “kotzertu gitxi batzuk emoteko” egoazala bueltan, halanda be, ez dira ordutik geldirik egon. David Gonzalez baxu-jolea batu zan taldera PI L.T.ren bueltarako. 2020an bertan-behera gelditu zan Dimetal Festen jotekoak ziran, baina beste urte bi itxaron behar izan dabe Diman joteko.
Kristonak: Kristonak, lehen Eskean Kristo moduan ezetuak, Arratian aurkezpen gitxi behar dauan taldea da. Arratiar honeek 2011an hasi ziran rock&roll-aren urrezko garaiari begira musikea egiten eta 2013an Gaztea Maketa Lehiaketea irabazi ostean egin ziran entzutetsu Euskal Herriko plaza eta aretoetan. Pandemiaren ostean, taldea erabarritu zan Kristonak izenagaz eta Ahobetehortz (2022) argitaratu eben Pello Artabe (ahotsa), Alex Harillo (gitarrea), Aritz Ontalvilla (gitarrea), Perico Flaco (baxua) eta Manu Forte (bateria) taldekideek.