Astegoien honetan jokatuko da, Zornotzako Lanzero Classic Club-ak antolatutako Dimako I. Igoerea. Dima eta Otxandio arteko portuan jokatuko da ia zazpi kilometro eta erdiko erlojupeko lasterketea eta Sergio Ferrero antolatzaileak igoeraren aurkezpenean azaldu ebanez, "proba tekniko eta arina" izango da errepidearen ezaugarriak dirala-ta: asfalto barria eta bihurgune ez oso zarratuak. Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko presidenteak be bat egin eban Ferrerogaz probaren deskribapenean eta azaldu eban, Lanzero esperientziadun kluba dala eta proba hau, "ia urte askotan egin ahal dan.
Dimara barikuan, hilak 1, hasiko dira heltzean parte hartuko daben talde, gidari eta autoak. Izan be, 17:00etan hasiko dira egiaztapen tekniko eta administratiboak, parte hartzaile guztiek pasau behako ditue proba honeek. Igoerea barriz, zapatuan izango da. 10:30etik aurrera, entrenamendu libreko txanda bi egongo dira eta honeek amaitzerakoan hasiko dira igoera ofizialak, beste txanda bi. Igoerak 17:00ak inguruan amaitutea espero da eta sari banaketea plazan egingo da 19:00etan.
Mobikortasun murrizketak
Dimako I. Igoerea dala-ta, Dimako plaza zarratuta manteniduko da egun bietan, bariku eta zapatu, 16:00etatik 20:00etara. Auzokoek bakarrik gurutzatu ahal izango dabe. Dima eta Otxandio arteko errepidea ostera, zapatuan zarratuko da goizetik iluntzera arte, 10:00etatik 19:00etara.
Lasterketea portutik ikusteko, antolatzaileek hainbat aukera ipini ditue mahai gainean. Bata, goizean goiz Zumeltzara Bizkaibusean igotea da eta probea amaitu orduko bajatutea. Bestetik, Zumeltzako abiazino pista zabalik egongo da autoak aparkau eta oinez beherantza bajatuteko. Goizean goiz, Dimatik be joan ahalko da errepidean gorantza.