Eskupelotea

Amaitu da mexikar eta euskaldunen arteko pelota topaketea

Asier Abrisketa 2023ko abu. 17a, 11:20

Selekzinoen arteko desafioa euskaldunek irabazi dabe, Ziarrusta anaien parte-hartzeagaz. Trinketeko txapelketako finalean ostera, mexikarrak urten ziran garaile Ekhi Ziarrustaren kontra.

Munduko Pilota Batzarrak eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioak, Mexikoko Lauburu Pelota Eskolagaz eta Mexikoko Euskal Pilota Federazioagaz alkarlanean antolatutako topaketea domekan amaitu zan. Bertan hartu dabe parte Ekhi Ziarrusta eta Lur Ziarrusta anai dimoztarrek, gazteena Munduko Pilota Batzarreko zuzendari tekniko moduan joan dan arren, jokatutea be tokau jako atzenean.

Domekako atzen jardunaldian, Coatepec herrian jokatu ziran andrazkoen frontball txapelketako finalaurrekoak eta finala batetik; eta trinketeko finala bestetik. Andrazkoen txapelketan, Paola Reyes mexikarra urten zan garaile, finalean Miren Larrarte gainditu ostean. Trinketeko finalean ostera, Ziarrusta nagusia eta Stich, eta Taberna eta Mundo aritu ziran. Bigarren bikote hau hasikeratik nagusitu zan eta garipenera arte egin eben aurrera, 40-23. Holan, Ekhi Ziarrustak ez eban lortu txapela Dimara ekartea.

Mexiko vs. Euskal selekzinoa desafioa

Mexikoko bidaiko atzen aurreko jardunaldian topaketako jardunaldi garrantzitsuenetarikoa jokatu zan, herrialdeen arteko desafioa hain zuzen be. Hiru partiduko desafioa izan zan eta Euskal Selekzioa urten zan garaile, 2-1, lehen eta atzen partiduak irabazita.

Lehen partiduan, Larrarte eta Gaminde euskaldunak, Aguilar eta Vargasen kontra aritu ziran ezker paretan, baina Lona modalidade mexikarrean (teniseko peloteagaz). Joko bira izan zan lehia eta bietan irabazi eben euskaldunek, 13-10 eta 13-06.

Bigarren partidua trinketean jokatu zan, Ziarrusta II eta Chiapusso, Cuero eta Cabelloren kontra. Partidu gogorra izan zan, parekatua eta maila bikainekoa bertaratutakoen ustez. Parean egon ziran, atzen momentuan mexikarrak aurreratu eta 40-35 irabazi eben arte. Beraz, desafioa bana bardinduta egon zan atzen partidura arte.

Atzen partiduan, Ziarrusta eta Ugarte, Stich eta Mundoren kontra egon ziran aurrez aurre. Mexikarrak, munduko ezker paretako txapelduna eta Mexikoko trinketeko pelotari onena ziran baina euskaldunek aurre egin eta hasikeratik izan ziran nagusi. Atzenean, 30-18 zarratu eben partidua, trinkete berezian ondo moldatuta.

 

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!