Euskal Pilota Selekzioa Mexikon dago oin, abuztuaren 4tik 14ra ospatuten dabilen Nazioarteko Pelotari Topaketan. Lagun arteko partiduak jokatuten dabiz mexikarrakaz batera, gizonak trinketean eta andrazkoak ezker horman. Euskal Herriko Kluben Txapelketako pelotari irabazleak dira bidaiatu dabenak eta nazinoartean, selekzinoaren presentzia zabaltzea da helburua. Holan, trinketean dabiz Ekhi Ziarrusta, Inhar Ugarte, Julen Chiapusso eta Ibon Taberna; ezker paretan barriz, Enara Gaminde eta Miren Larrarte.
Lehen jardunaldia domekan, hilak 6, jokatu eben Coatlinchan herrian. Tartean, Ekhi Ziarrusta Inhar Ugartegaz aritu zan, Fernando Medina eta Donovan Medinaren kontra. Partidua, ondo kostata baina irabazi eben, 25-30. Ez zan erraza izan, mexikarrak 15-9 irabazten hasi ziran-ta. Ziarrustak FMXen adierazo eban: "mexikarren kontra ezin da gure jokoa erabili, gu egokitu egin behar gara; maila itzela!".
Hurrego jardunaldia eguaztenean, hilak 9, jokatu eben Coatepec herrian eta Lur Ziarrusta Munduko Pilota Batzarreko zuzendari tekniko moduan joan bada be, atzen aldaketa bat dala-ta frontoira sartu zan Fernando Cabelloren kontra jokatuteko. Ziarrusta txikia ez da aspaldi trinketean aritu, eta igarri eban, 30-21 galduta. Bere anai Ekhik be izan eban partidua eta 40-25 irabazi eban, Stich-egaz batera Moreno eta Chiapussoren kontra. Beraz, domekan finalean ikusiko dira Coatepecen, Taberna eta Mundo bikotearen kontra.
Hirugarren jardunaldia gaur, hilak 11, izango da Mexiko Hiriko Campo Marte frontoian. Lur Ziarrusta barriro lehiatuko da Fernando Cabelloren kontra eta Ekhi Ziarrusta Inhar Ugartegaz, David Alvarez eta Einar Mundoren aurka.