Lehenego finala Zaramagan jokatu eban Aldaik hilaren 8an eta Naroa Agirregaz batera 22-19 irabaztea lortu eban Leire Garai eta Enara Gaminderen kontra. Partiduko lehenengo zatian Aldaik eta Agirrek partiduaren kontrola euki arren be, bigarren zatian, bikote aurkariak Aldai jokoz kanpo itxi eban markaigulua 19na egon arte. Azken zatian, bikote gorriak erakutsitako sendotasunak eta egindako erremateek partidua barriz bideratu eben eta irabazteko gai izan ziran.
Bigarren finala ostera Mallabian jokatu eban dimoztarrak hurrengo egunean Enara Gaminderen kontra eta final nahiko erraza izan zala adierazo eban. 10 eta 0 irabazten hasi zan eta azkenean 22 eta 6 nagusitu zan Aldai bere aurkariaren kontra. Aurkaria oso gaztea dala eta esperientzia falta horrek berari on egin eutsala azaldu dau Dimako pelotariak.