Amaia Aldai pelotari dimoztarra Mallabian jokatuten dan lau t'erdiko txapelketea dauka jokoan, Biharko Izarrak. Lau pelotariren artean jokatuten da ligaxka fase bat eta lehen biak joan ahal izango dira finalera. Momentuz, Aldai bide onetik doa. Izan be, jokatutako lehen partidu biak irabazi ditu.
Lehena aprilaren 27an jokatu eban Gaminderen kontra eta 18-11 urten zan Dimakoa garaile. Gero, astelehenean jokatu dau Garairen kontrako partidua, 18-14 irabazita. Oin, ligaxkako atzen partidua jokatuko dau hilaren 18an, Larrarteren kontra. Irabazi ezkero, ziurtatuta izango dau finalerako txartela.
GRABNI txapelketea
Astegoien honetan, GRABNI txapelketako finalak jokatuko dira Gasteizen eta Amaia Aldai be, hor egongo da. Andrazkoen nagusi mailako ezker paretako finalean lehiatuko da, binaka printzipioz, baina berak azaldu dauanez, posible da alienazinoa aldatutea.
GRABNI Araba, Bizkaia, Errioxa, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroako pelota federazinoen arteko urteroko txapelketea da, modalidade eta adin desbardinek hartzean dabe parte bertan. Eskuz eta palaz, ezker paretan zein trinketean jokatuten da GRABNI. Aurten, Bizkaia da jokatuko diran finaletarako txartel gehien lortu dauzan taldea: 29 final ezker paretan eta 8 trinketean.