azokea

Dimako Artisau, Ekoizle eta Ganadu Azokea egingo da zapatuan

Asier Abrisketa 2023ko api. 26a, 12:00

Merkaduaz gainera, ardi triskilatze erakusketea eta artzain txakurren erakustaldia be egongo dira. Goizez, trikitilariek girotuko dabe azokea eta moxal pintxoak doban egongo dira tabernetan.

Dimako Udalak, Dimako Abeltzainen Elkarteak, Gorbeialde Landa Garapenerako Alkarteak, BBK, Baltzola Jatetxeak eta Garenak antolatuta, aprilaren 29an egingo da Dimako Artisau, Ekoizle eta Ganadu Azokea. Merkaduko postuak goizeko 10:00etan ipiniko dira martxan eta jaia girotzeko, trikitilariak egongo dira bueltaka. Gainera, tabernatan moxal pintxoak dastatzeko aukerea egongo da, doban.

Ganaduari jagokonez, Dimako 23 abeltzainen animaliak egongo dira azokan. Behor eta moxal asko egongo da batez be, bai eta bost zaldi. Horrezaz gain, hogeina lote ardi eta ahuntz, dozena bat behi, bost txahal eta bost asto egongo dira ikusgai eta salgai. Errifak be salduko dira eta 14:00etan izango da zozketea. Gainera, eguerdian ardien ule ebagite erakusketea egingo da ganaduaren gunean eta arrastian, 16:30ean, artzain txakurren erakustaldia egingo da Arratiako Egoitzako landan.

Beste alde batetik, hamazazpi ekoizleren eta hogeta lau artisauren postuak egongo dira azokan. Ekoizleen postuetan ahuntz zein ardi gaztaia, txarrikiak, ahuntz txorizoa, eztia, euskal pastela, ogia, gozokiak, barazkiak, gildak, txakolina eta patea topau ahalko da, besteak beste. Artisauen postuetan barriz: poltsak, karterak, zeramika, bedarrak, egurrezko lanak, bitxiak, ohialak, arropa, jolasak, zidarra, serigrafiak eta ilustrazinoak, besteak beste. Erosketakaz, bertoko produktuen lote biren zozketan sartzeako aukerea egongo da, azokea amaitu orduko izango da zozketea, 14:00etan.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!