Munduko Pilota Txapelketea amaitu barri dala-ta, hainbat nazinoarteko jokalari Valentziatik Dimara hurbildu dira asteon, lagun arteko One Wall Txapelketea jokatuteko. Euskal Herriko pelotariak, Mexikokoak, Argentinakoak eta Valentziakoak lehiatuko dira, Rebotean OneWall Klubak konbidauta.
Atzo jokatu zan gizonezkoen ligaxka fasea eta gaur, final-laurdenak, finalaurrekoak eta finala jokatuko dira 15:50etik aurrera. Andrak barriz, ligaxka fasea 15:00etan hasiko dabe gaur eta gero, 16:40tik aurrera, finalaurrekoak eta finala.
Rebotean OneWall Kluba
Lur Ziarrusta dimoztarra eta Mikel Beldarrain arteaztarra One Wall taldea osotuteko ahaleginean dabiz. Holan, Munduko Txapelketea aprobetxau dabe hainbat jokalari Dimara konbidetako, eskupelota modalidade honen zaletasuna eskualdean buztartuteko ahaleginean.