udal hauteskundeak

Josu Gorospe izango da Dimako EAJ-PNVren alkategaia

Bea Azpiri 2023ko ots. 3a, 10:25

Egungo alkateak HAPO barria egitea, kirol eta aisialdi instalazino barriak sortzea, turismoa sustatzea eta industrialdera enpresa barriak erakartzea gurako leuke datorren legegintzaldian.

Josu Gorospe Lapatza Dimako egungo alkatea, EAJ-PNVren alkategaia izango da maiatzean egingo diran udal hauteskundeetan. Gorospek bere herriko alderdikideek emon deutsien babesa jaso dau eta esan dau erronkeari helduko deutsala “pozik eta konfiantzaz beteta zerrendako buru izaten jarraituteko eta lehen eguneko ilusino berberagaz lan egiteko”.

Datozen lau urteei begira Gorosperen helburu nagusia “Dimako auzoei behar daben arretea emotea” dala eta euren aldeko lana egiten jarraituko dauala esan dau. Bera alkate izanda, Diman II. Berdintasun Plana egin dala, eraso matxisten kontrako protokoloa onartu, lur-jausiak saihesteko lanak egin dirala eta larrialdi kasuetarako apartamentu baten eraikuntza amaitu dala ekarri dau gogora. Baita, nabarmen handitu dirala udalak herriko hainbat talderi emoten deutsezan laguntzak be. “Dirulaguntza gehiago emon dira putzu septikoen garbiketarako, euskera ikasteko, kirola egiteko eta Dimako talde eta eragile kulturalentzat”, azaldu dau. Hurrengo legegintzaldian, HAPO barria egitea, kirol eta aisialdi instalazino barriak sortzea, turismoa sustatzea herrian, eta industrialdera enpresa barriak erakartzea gurako leuke, besteak beste. 

Josu Gorospe Mekanikan espezializautako ingeniari teknikoa da, eta hamarkada bat baino gehiago daroa Arratiako (Zulaibar) Lanbide Heziketako Zentroan irakasle. Han, Mekanizazino tailerra, Tailerrera aplikautako tenologia eta Marrazketa teknikoa irakasgaiak emoten ditu.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!