Eskupelotea

Irabazten hasi dau Amaia Aldaik Bizkaia Txapelketea

Asier Abrisketa 2023ko urt. 16a, 11:05

Kluben arteko txapelketea be hasi dau bide onetik, ligaxka faseko lehen jardunaldia irabazita.

Amaia Aldai pelotari dimoztarra txapelketa bitan egongo da murgilduta datozan asteotan: V. Bizkaia Txapelketan eta Euskal Herriko Ezker Hormako Kluben Arteko Txapelketan. Bizkaia Txapelketan, Nora Mendizabal dauka bidelagun eta barikuan, Madalen Etxegarai eta Enara Gaminderen kontra jokatu eben lehen partidua. 22-14 irabazi eban Aldairen bikoteak Bilbon. 

Aldai eta Mendizabal galtzean hasi ziran, 4-7, baina zazpira bardindu eta partiduaren jaube egin ziran. Holan, tantuz tantu aldea handituten hasi ziran Aldaik hogeta bigarren tantua irabazi eban arte, aurkariak hamalau tantugaz itxita. Holan, hurbilago dauka bikoteak zezeilaren 10ean jokatuko dan finalean parte hartzeako aukerea.

Datorren barikuan, hilak 20, izango da bigarren jardunaldia Bizkaia frontoian eta hirugarrena hilaren 28an, Zallan. Partiduotan beste bikoteen kontra neurtuko dira: Olatz Arrizabalaga eta Uxue Oses, zein Leire Garai eta Andrea Capellan.

Kluben arteko txapelketea

Bizkaia Txapelketeaz gainera, Amaia Aldak Euskal Herriko Ezker Hormako Kluben Arteko Txapelketea be jokatuko dau hileon. Txapelketa honetan Enara Gaminde izango dau lagun Lea taldean, ligaxkako bost jardunaldiei aurre egin eta finalera ailegetako helburuagaz. Lehen partiduan, Leire Garai eta Nora Mendizabaleri egin deutsee aurre hilaren 14an eta 22-12 garaitu dabe.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!