Zornotzan jokatu zan zapatuan Master Laboral Kutxako Lau eta Erdiko finala, txapela Amaia Aldairentzako izan zan, Olatz Arrizabalaga hamabost tantugaz itxi ostean. Holan, igazko titulua berretsi dau Dimakoak, orduan be, antzerako emoitzeagaz irabazi eban, 22-14, Miriam Arrillagaren kontra.
Zapatuko partidua, emoitzea alde batera itxita "nahiko bardinduta" egon zala azaldu dau Aldaik, baina bera "hasikeratik lasaiago eta konzentrauago" egon zala. Holan, bide onetik hasi eban dimoztarrak partidua, 6-1 irabazten. Arrizabalagak zortzina bardindutea lortu eban, partiduari bueltea emoteko aukerakaz baina Aldaik ez eban etsi, eta 15-8 aurreratu zan. Arrizabalga barriro saiatu zan erritmoa hartzean eta lortu eban 16-13 baina dejada bat txapara bota eta hor egin eutsan iges partiduak.
Diario Vascoren txapela be jokoan
Diario Vascoren Lau t'erdiko Txapelketako finalera be heldu da Amaia Aldai. Finalaurrekoa Tolosan jokatu eban abenduaren 8an, Enara Gaminderen kontra eta 22-8 irabazi eban. Finala hilaren 17an jokatuko dau Tolosan goizeko 11:00etan Mirian Arrillagaren kontra, Laia Salsamendi barriro larritasunez lesionau da eta.