Eskupelotea

Bizkaiko Eskuz Binakako txapela irabazi dau Amaia Aldaik

Asier Abrisketa 2022ko aza. 29a, 11:11

Enara Anituagaz batera, 22-15 irabazi eban Olatz Arrizabalaga eta Marta Gomezen kontrako finala.

Bermeon jokatu zan, zapatuan, Emakumeen Bizkaiko Eskuz Binakako Txapelketako finala. Amaia Aldai eta Enara Anitua batetik, eta Olatz Arrizabalaga eta Marta Gomez bestetik egon ziran aurrez-aurre eta markagailuak 22-15 egin eban lehenengoen alde. Holan, Bizkaiko txapeletako bat Dimara bueltan ekarrri eban Aldaik.

Pelotari dimoztarrak BEGITUri azaldu deutsanez, partidu gehiena bardinduta egin eben, baina aurkariek ez eben lortu aurrea baten bez hartutea: "Bardinduta nahiko aldiz joan ginan; aurrean, ekimena izan genduan bai Olatzen bai neuk, baina gitxiago oparitu neban eta hor egon zan 22 tantuetara heltzeako gakoa".

Aldai beste txapelketa bitan dabil oin buru-belarri. Batetik, Emakume Master Cupeko Lau t'erdiko finalaurrekoa jokatuko dau Matienan, abenduaren 4an, Miriam Arrillagaren kontra. Bestetik, Diario Vascoren Lau t'erdiko Txapelketea be badauka jokoan. Honetan be heldu da finalaurrekora; Tolosan jokatuko dau abenduaren 8an, Enara Gaminderen kontra.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!