berbaldia

Pantailaldia aurkeztuko dau Pantailak Euskaraz-ek Diman

Asier Abrisketa 2022ko aza. 8a, 12:51

Hilaren 11tik 18ra "ikus-entzunez ekiteko garaia" lemapean antolatutako egitasmoa eguaztenean aurkeztuko da, eskolako kamaran 19:00etan.

Pantailak Euskaraz taldeak, Euskaraldiaren bezperarako antolatu dau Pantailaldia egitasmoa. "Ikus-entzunez ekiteko garaia" lemapean, zemendiaren 11tik 18ra euskerazko ikus-entzunezkoak bakarrik konsumidu eta sortutera animau dabez euskaldunak eta gero, sare sozialetan #Pantailaldia traola erabilita, bizipen eta zailtasunak alkarbanatzea izango da helburua. Izena emon daiteke daborduko, Pantailak Euskaraz taldearen webgunean dagoen formularioa beteta.

Ekimenari indar handiagoa emoteko, hilaren 13an hainbat protesta be egingo ditue. Euskal Herriko uriburu bakotxeko zinema batean egingo dabe alkarretaratzea, "Zinema euskeraz, gure eskubidea" lelopean. Izan be, azaldu dabenez Euskal Herrian eskaintzen diran zinema emonaldien %1 baino ez da euskeraz.

Pantailak Euskaraz taldearen helburua argia da, euskerazko ikus-entzunezkoak konsumiduteko eskubidearen alde egitea, eta Pantailaldiaren bidez hizkuntza ohituretan be eragin gura da: "Telebistan, zineman, streaming plataformetan, Youtuben, bideojokoetan… dagozan euskerazko kateak, baliabideak, euskal sortzaileen lanak zein nazinoarteko euskeratutako edukiak konsumiduteko ohitura zabaldu gura dau Pantailak Euskaraz ekimenak euskal komunidade linguistikoan. Pantailetan konsumiduten dogunak hizkuntza ohituretan eragin zuzena dauka, eta, beraz, herritarrak euskerazko kateak eta edukiak hautatzera bultzatu gura ditu".

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!