auzoak

Bihar hasiko dira Indusiko jaiak

Asier Abrisketa 2022ko urr. 3a, 17:39

San Fresku egunean mezea egongo da; bariku eta zapatuan barriz karta-jokoak, erromeriak, bertso eta jantza emonaldiak, lehiaketa gastronomikoak eta umorezko bakarrizketa bat be antolatu dabe.

Martitzenean, urri lehenengoak 4, hasiko dira sanfreskuak ospatuten Dimako Indusi auzoan. Hiru egunez luzatuko dira jaiak guztira, martitzen, bariku eta zapatuan. Lehenengo egunean eguerdian mezea eta geroko barauskarria baino ez da egingo; egitarauko beste ekintzak bariku eta zapaturako itxi dabez.

Hilaren 7an, barikua, Briska Txapelketea jokatuko da 17:00etatik aurrera. Lehen saria 50 euro eta "lora eder bat" izango da. Hau amaituta, 19:00etan txitxi-burduntzia egingo da. Tripea beteta, Eingo taldeak ipiniko dauz jantzan auzotarrak. Amaitzeko, txokolatea zerbitzauko da 22:00etan.

Zapatuan barriz, egun osorako plana antolatu dau Indusiko Jai Batzordeak. Hasteko, Gazte Barri jantza talde dimoztarrak egingo dau emonaldia 12:30ean. Horrezaz gain, goizean zehar baba lapikoak egingo ditue, 14:00etan lehiaketara aurkezteko. Gero, 14:30ean egingo da bazkaria eta bazkalostean, bertso-saioa egongo da ikusgai, Gorka Pagonabarraga eta Ibon Ajuriagojeaskoaren eskutik.

Arrastian, umeentzako jolasak egongo dira 17:00etatik aurrera eta auzotarrak barriro ipiniko dira jatekoa prestetan, oingoan Berakatz-zopa, Tortilla eta Ogizko Tostaden Lehiaketarako. Plater honeek 19:30ean aurkeztu behar jakie epaimahaikoei. Gauez, Txikik 40 urte eta aldapan behera niek bakarrizketea taularatuko dau. Hau amaituta, Jainaga eta Narbaizaren erromeriagaz egingo dabe jantzan bertaratutakoek. Bitartean txokolatea zerbitzauko da eta errifearen zozketea egin.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!