musikea

Zapatuan ospatuko da VI. Dimetal Fest

Soziedad Alholika, Leize, Elbereth eta Herra taldeak izango dira zapatuko protagonistak Diman.

Formatu txikian bada be, bueltau egin da Dimako heavy metal jaialdia eta zapatuan, hilak 24, 18:00etatik aurrera eta izango dira kontzertuak. Herrak, Elbereth-ek, Leizek eta Soziedad Alkoholikak osotuten dabe kartela. Kontzertuen ostean, Dani Alvarezek, DJ Jarros-ek ipiniko dau musikea gaua girotzeko. Dimetal Fest jaialdia 2015ean sortu zan Dimetaleroak kultur alkarteak antolatuta eta aurtengoa, jaialdiaren seigarren edizinoa da.

Aurtengoa edizinoan lau taldek joko dabe zapatuko arrasti eta gauean. Izan be, pandemia sasoiko dekretuek eragindako etenaldiaren ostean, antolakuntzeak atzera pausu bat egiteko premina senditu dau. Hori dala-ta, aurten, jatorrira itzuli eta formatu txikiko debaldeko jaialdia eskainiko dau, euskal metal musikeak barriro Dimako plazea hartu dagian.

Barikutik domekara, Ugarana plaza zarratuta egongo da. Elexalde kalea auzokoentzako bakarrik egongo da zabalik eta Landaburu kalea, noranzko bietarako egongo da zabalik.

Soziedad Alkoholika kartelburuak 23:30ak aldera joko dau. Ibilbide luzea izan arren, 30 urtetik gorakoa, taldea bere momenturik onenean dago. Beteranoa bada SA, oindino beteranoagoa da Leize. Taldeak berrogei urte daroaz oholtza gainean eta aitzindarietakoa da. Hogei urte inguru daroaz Elbereth taldeak. “Euren musikea gordina da eta zuzenekoan zapalgailu baten modukoak dira. Pentsetan dot talde honek ez daukala merezidu dauan errekonozimentua, daukan kalidadeagaitik askoz gorago egon beharko litzateke eta” azaldu deutso Begituri Itsaso Petralanda antolakuntzakoak. Herra talde arabarra barriz, barria da. Oin dala hiru edo lau urte sortu zan eta metal modernoa, melodikoa, egiten dau. Daborduko estadu mailako proiekzinoa dauka eta Dimetalaren hurrengo astegoienean Murtzian jotekoak dira.

Dima, euskal metalaren herriburu

Dimetal Festeko lehenengo edizinoan, 2015ean, sei taldek Dima euskal metalaren herriburu bihurtu eben. Hortik aurrera jaia handituz joan zan eta 2019ra arte, Europako metalean izen handia daukien taldeak be izan ziran Diman, Destruction talde alemaniarra, esate baterako. Pandemia dala-eta egin ez zan 2020ko edizinoan, lau agertoki eta 37 banda egozan aurreikusita eta hain jaialdi handia aurrera aterateko kontzertu batzuk ordaindu beharrekoa ziran. Bost edizino honeetan, Dimetal Festen 70 talde baino gehiagok jo dabe; tartean, Su Ta Gar, Koma, Apatrida, Crisix, Anestesia, The Wizards, Vhäldemar eta Childrain. Musikeaz gainera berbaldiak, umeentzako jarduerak, Herri Metal Olinpiadak, bertsolariak, bazkaria eta abar izaten ziran herrian, giro ederra sortuz.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!