herri kirolak

Euskal Pentatloiaren finala jokatuko dau Aitzol Atutxak

Asier Abrisketa 2022ko ira. 5a, 12:12
Finalaurrean parte hartu daben jokalariak.

Zaldua, Izeta VI.a, Gabirondo, Zelai IV.a eta Basozabalen kontra lehiatuko da Atutxa hilaren 24an, Azpeitiako zezen plazako finalean.

Hamabi jokalarik hartu dabe parte Gizonezkoen V. Euskal Pentatloiaren finalaurreko saioan eta horreetatik, sei sailkatu dira urri lehenengoaren 24an jokatuko dan finalerako: Xabier Zaldua (12 minutu eta 12 segundo), Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a (12:22), Julen Gabirondo (13:21), Aitzol Atutxa dimoztarra (13:22), Ioritz Gisasola Zelai IV.a (13:27) eta Jokin Urretabizkaia Basozabal (13:32). Finaletik kanpo ostera, beste sei kirolariak geratu dira: Joseba Otaegi (13:54), Iñaki Errazkin (14:10), Aritz Irazabal (14:32), Beñat Amade (15:38), Julen Kañamares (15:40) eta Jon Gisasola Zelai V.a (16:15).

Finalaurreko jardunaldiko probak bost izan dira, finalean jokatuko diran bardinak, baina laburragoak. Holan, 100 kiloko harriari hamar jasoaldi, giza proban 400 kiloko harriagaz plaza bana, azkoran kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana zatitu, 50 kiloko txingakaz hiru plaza eta korrika kilometro bat egin behar izan dabez.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!