azkorea

Aitzol Atutxa eta Eneko Otaño irabazle Ramon Latasa Sarian

Erredakzinoa 2022ko abu. 15a, 15:54

Zapatuan, hilak 13, jokatu zan Sunbillako pelotalekuan Ramon Latasa Sariaren hemeretzigarren edizinoa, urte biko etenaren ostean.

Euskal Herriko azkolaririk onenak, egungoak zein beteranoak, batu ziran Nafarroako herrian zapatuan eta Aitzol Atutxa dimoztarrak eta Eneko Otañok osotutako bikoteak irabazi eban. Gainera, barritasun bat be euki dau aurtengoak: gizonezkoak ez ezik, andrazkoen binakako azkora erakustaldia be egon da.

Bikote bakotxak hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako ebagi ebezan. Atutxak eta Otañok 30 minutu eta 19 segundo behar izan ebazan lanak amaitzeko, bigarren izan ziran Julen Alberdi eta Ugaitz Mugertza 31 minutu eta 52 segundogaz, hirugarren postuan sailkatu ziran Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo eta laugarren izan ziran Iker Vicente eta Jon Irazu.

Atutxak Urrezko Kopa gaur arrastian

Gaur arrastian, 19:30ean, jokatuko da Donostiako Trinitate plazan Aizkolarien Urrezko Kopako finala. Garagarrilaren 16an, leku berean batu ziran hamabi azkolari, zazpi kanaerdiko ebagi behar izan ebezan proban bost izan ziran sailkatuak. Atzen urteko irabazleak, Larrañagak, denporarik onena errepikatu eban eta Atutxa dimoztarra izan zan bigarrena, probea 14 minutu eta 49 segundotan amaituta.

Holan, txapelaren lehiarako sailkatutako bost kirolariak, Mikel Larrañaga (14:25), Aitzol Atutxa (14:49), Iker Vicente (14:56), Julen Alberdi Txikia IV. (15:00) eta Hodei Ezpeleta Bihurri (15:42) dira.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!