Bearen ustezko erasotzailearen letraduak, Borja Irizarrek, idatzi baten bidez defendatu dau Ederrek ez dauzala "bete barik itxi auto horretan -epaitegiaren aginduan- jasotako betebeharrak". Guzurra esatea leporatu deutsee Andraizeako kideei: "Eder jaunak, arau eta agindu judizialak bete ez dauzala adierazoten dauan edonork, egiari falta deutsa, eta jakinaren gainean badago, guzurretan dabil. Gainera, Zigor Kodearen 205. artikuluan jasotako delitua egiten dau." Arauak apurtu ez dauzala arrazoitzeko, biktimearen abogaduak ustezko arau apurketak dirala-ta askatasuna ezeztatzeko eskatu dauan bakotxean, epaileak uko egin dauala azaldu dau.
Halanda be, hori izan zan Andraizeako kideek atzen mobilizazinoetan salatu ebena. "Txarrena, inolako ondoriorik" ez izatea dala: "Durango eta Bizkaiko arlo judizialaren funtzionamentua lotsagarria da". Bearen abogaduak astero bideratzen dauz kejak, baina ez dago ustezko erasotzailearentzako eraginik. Borja Irizarrek dino, lokalizazino "gailu elektronikoaren arazoetan edo estaldura faltan" dagoala alarmen arazoa. Baina atzen mobilizazinoetako karteletako argazkian ikusten danez, alarmeak "agresor cerca" dino. Hau da, erasotzailea hurbil. Gailua bateria edo seinale barik agertzen bada, alarmea desbardina da.
Alarmeagaz sortzean diran egoerak Ederreri egotzi ezin jakozala dino Irizarrek: "zehatz-mehatz beteten ditu judizialki ezarri jakozan arau eta aginduak". Edozelan be, Beak, abisuak jasoterakoan "bildurra eta ikarea" sentiduten dauzala salatu dabe Andraizeako kideek: "Biktimea babestuteko helburuagaz edo hobeto esanda, ustezko erasotzailea kontrolatzeko helburuagaz, alde biei gailu elektroniko bat ipini eutsien. Gailu hori astegoienero eta batzuetan, astean zehar be, martxan ipiniten da, alarma egoera bat sortuz".
Bai Andraizeak, bai ustezko erasotzailearen abogaduek adierazo dabe, ez dirala epaiketa publikoetan sartu gura. Irizar letraduak azaldu dau, "prozedura judizializatu batean eztabaida eta epaiketa paraleloetan sartu gura izan barik" egin dauala idatzia, alarmen inguruko euren bersinoa azaldu eta Eder aske egotearen arrazoia "instrukzinoko epaile eskudun batek emondako autoa" dala azpimarratzeko. Andraizeak barriz, "epaiketa publikorik" ez dabela egingo azpimarratu dabe; euren helburua "andren aurkako indarkeriaren prebentzinoa; errotik kentzea eta erreparazinoa bideratzea" dala argudiatuta.