Emakume Master Cup-ek antolatutako Udako Torneoaren lehen partiduak Haron jokatu ziran, bariku iluntzean. Ligaxka fasean, Olatz Arrizabalaga eta Uxue Oses, Leire Garai eta Irati Zabalaren aurka neurtu ziran eta lehenengoek irabazi eben, 22-12. Bigarren partidua izan zan Amaia Aldai eta Andrea Capellan, Maddalen Etxegarai eta Enara Gaminderen artekoa, 22-21 amaitu zan neurketea.
Bigarren partidu hau gora-behera handikoa izan zan. Hasikeran Aldai eta Capellanek alde handia ateratea lortu eben, 18-8 aurreratzeraino. Baina Etxegarai-Gaminde bikoteak presinoa handiarazo eta hogeina bardintzera heldu ziran, partidua kolokan ipinita. Halanda be, Aldai eta Capellanek eustea lortu dabe eta Etxegaraik min hartuta, partidua minutu batzuk geldi egon ostean, lortu dabe garaipena.
Hurrengo ligaxkako partidua hilaren 24an jokatuko dabe Aldai eta Capellanek Lekeition, Arrizabalaga eta Osesen aurka.