azkorea

Aitzol Atutxak ez dau Euskal Herriko Federazioaren txapelketa nagusian parte hartuko

Asier Abrisketa 2022ko uzt. 15a, 12:03

EZPAL alkarteko azkolariek ez dabe onartu federazinoaren proposamena. 2020an, "atzen orduan eta modu desegokian" antolatutako txapelketara aurkeztu ez ziranez, hirugarren mailatik hasi behar dirala agindu dau federazinoak.

2020ko bagilean hasitako gatazkeak konpondu barik segiduten dau azkolaritzearen munduan. Euskal Herriko Federazinoak orduan jakinarazo eban ez zala txapelketa nagusirik antolatuko. Azkolariek txapelketea eurek antolatzea proposatu eben. Ezezkoa jaso baina aurrera segidu eben Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren antolaketeagaz.

Abuztu amaieran barriz, azkolarien esanetan "kirolariekaz inolako harremanik izan barik", federazinoak txapelketea jokatuko zala jakinarazo eban. Edozelan be, arautegiagaz desadostasunak egozala-ta, azkolariek txapelketa propioagaz jarraitu eben aurrera. Horretarako, Euskal Herriko Aizkolarien Elkartearen inguruan, Ezpal, antolatu ziran lehen mailako hamabi azkolariak eta bigarren mailako zazpi.

Aurten, azkolariak txapelketara bueltatzeko negoziazinoak egin dabez federazinoak eta Ezpalek, baina ez da akordiorik lortu. Izan be, federazinoak eskatu dau azkolari honeek hirugarren mailatik hastea. Hau da, 2020ko eliteko azkolari guztiak geratuko dira lehen mailatik kanpo. Lehen mailan atzen urtean bigarrenetik igondakoak bakarriz geratuko dira.

Holan, Aitzol Atutxak BEGITUri azaldu deutsa "Ezpalek bere bidea egiten jarraituko" dauala, akordiorik lortu ezean gitxienez. Horretarako, baldintza minimoa bakotxa bere mailara bueltetea dan galdetuta, egin beharrekoa "estrukturazino barria egiteko kanporaketa bat" dala erantzun dau Atutxak. Momentuz, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren maila bi jokatuko dirala aurreratu dau.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!