eraso sexista

Bearen ustezko erasotzaileak epailearen urruntze-agindua astebururo hausten dauala salatu dau Andraizeak

Asier Abrisketa 2022ko uzt. 2a, 17:58

Egoerea salatzeko, "Bea, zuokaz gagoz!" lelopean, domekan 19:30ean Dimako plazan mobilizatzeko deia zabaldu dau talde feministeak.

Bihar, garagarrilak 3, barriro eskatuko dabe dimoztarrek Bea eta semearentzako justizia, herriko plazan 19:30ean. Atzen orduko deialdi hau,  Andraizea talde feministeak egin dau, atzenaldian Bea eta semearen segurtasunagaitik arduratuta. Izan be, Andraizeako kide batek BEGITUri azaldu deutsonez, ustezko erasotzaileak epailearen aginduak behin eta barriro apurtzen dauz. Gizona Dimara sartzerakoan, Bearengana hurbiltzerakoan edo lokalizazino aparailua kobertura edo bateria barik dagoanean Beak alarma bat jasoten dau eta oin "astebururo dauka alarmea jo eta jo". Batez be, "erasotzailea hur" alarmea da jasoten dauana azaldu dabe Andraizeako kideek.

Beste batzuetan, Beak edo bere kontaktu zuzenek dei bat jasoten dabe lokalizazino aparailuen kudeaketea egiten dauan enpresatik, ustezko erasotzailea topau ezin dabelako. Hau bera gertatu da gaur, zapatua, goizaldeko 05:00etan. Eguerdira arte ez dabe lortu gizona topatzea, zazpi orduz egon da desagertuta, eta agertu danean be barriro jo dau Bearen alarmeak.

Andraizeako kideak salatu dau, arau-hausteen inguruan, "txarrena, inolako ondoriorik" ez izatea dala: "Durango eta Bizkaiko arlo judizialaren funtzionamentua lotsagarria da". Bearen abogaduak astero bideratzen dauz kexak, baina ez dago ustezko erasotzailearentzako eraginik. Epaileak aprilean abisau eban gizona, ezin ebazala arauak apurtu, kartzelara bueltatzeko mehatxupean. Orduan, alarmeak ez eban aste batzuetan abisurik emon. "Komilla arteko lasaitasunak" gizonak baldintzapeko askatasunaren agindua sinatu arte iraun eban. Izan be, egun horretatik astebururo ibili da barriro be arauak hausten.

Hilketa saiakerea

Oin dala urtebete atxilotu eben, andreagaz joiala, auto istripu bat ustez apropos eragin eban gizona, Citruenigon (Nafarroa). Biktimeak, Dimako andra batek, zauri arinak izan ebazan eta gertatutakoa salatu eban. Kartzelara, hilketa saiakerea eta genero indarkeria egotzita sartu eben gizona baina oin, epailea aldatu dala-ta, kalean da ustezko erasotzailea.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!