herri kirolak

Bizkaiko Lasto Jasotze Txapelketea jokatuko da zapatuan Diman

Asier Abrisketa 2022ko eka. 30a, 11:28

Jon Loiola eta Beñat Amade buruz-buru ipiniko dauzan probeaz gain, trontzea, azkorea, ingude jasotzea eta zaku eroatea be egongo dira arrastian.

Garagarrilaren 2an, arrastiko 18:00etan, Dimako jaien egitarauaren barruan jokatuko da Dimako frontoian Bizkaiko Lasto Jasotze Txapelketea. Bertan, Getxoko Beñat Amade eta Dimako Jon Loiola neurtuko dira. Jose Martin Bustinza "Tubi" Bizkaiko Txapeldunak ezin izango dau parte hartu, lesino bat dala-ta. 45 kiloko fardoa minutu bitan nok gehiagotan altxatzean dago erronkea. Markarik onena Tubirena da, 25 jasoaldigaz.

Horrezaz gain, promozino mailako Bizkaiko Gizonezkoen Trontza Txapelketako bigarren jardunaldia be hartuko dau Dimak egun berean. Hiru bikote neurtuko dira proban: Mikel Agirre eta Unai Osa, Xabat Erleaga eta Jose Arrien, Salva Erleaga eta Oier Ibergallartu.

Jokatuko dan atzen txapelketea Ingude Jasotzearen Open Bizkaia izango da. Bertan, Jon Tobarrak, Oier Ibergallartuk, Valentina Rangelek eta Iraide Gezuragak hartuko dabe parte.

Erakustaldiak

Txapelketen artean, erakustaldi bi be egongo dira frontoian. Azkora erakustaldia batetik, eta zaku eroate erakustaldia bestetik. Lehenengoan azkolari bik hartuko dabe parte: Xabier Gartzia "Utxu" Dimakoa eta Hodei Ezpeleta "Bihurri". Zaku eroatea barriz, andren artekoa izango da, Valentina Rangelek eta Iraide Gezuragak egingo dabe lasterketea.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!