Berbaldia

Amatasunaren gainean egingo dau berba Alaine Agirrek Diman

Asier Abrisketa 2022ko api. 25a, 13:04
argazkia: @AgirreAlaine (TWITTER)

Karena liburuaren idazleak aurkeztuko dau 'Amatasun ukatuak' berbaldia, eguen arrastian eskolako kamaran.

Dimako Andraizea talde feministeak amatasunaren inguruko lanketea antolatu dau. Horretarako, Alaine Agirre konbidau dabe, Karena (Elkar, 2021) nobelearen idazlea. 'Amatasun ukatuak' izeneko berbaldia emongo dau Agirrek Diman aprilaren 28an. Eskolako kamaran izango da saioa, 18:00etatik aurrera.

Amatasuna berbagai, Agirrek hainbat gai landuko dauz egueneko saioan: dolua, isileko amatasuna, gura bako abortuak, erditueraren arrakalak eta ondorio fisiko zein psikologikoak, besteak beste. Antolatzaileek azaldu dabenez, ez da beharrezkoa Agirreren liburua irakurrita izatea.

Karena

Amatasunagaz lotutako hainbat gai, normalean isilpean eta ostonduta geratzen diranak agerrarazoten dauz Alaine Agirrek, intensidadez eta hunkiduraz idatzitako eleberri honetan: Lagundutako Ugalketa teknikak, horren ondorio fisiko eta psikologikoak, bikoteko batek guraso izateko besteak baino gogo gehiago dauanean sortzean diran arrakalak, amarenganako errespeturik bako erditzeak, bilatu bako abortuak eta horren doluak…

Egilearen ohikoa dan indar eta pasinoagaz kontatzen deusku Sara Mendizabal protagonistearen ibilbidea, lirismoz eta musikalidadez, minetik edertasuna sortuz, gorputzaren barrutik uniberso oso bat eraikiz. 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!