Umeak

Txikitatik Askatasunera jaialdia antolatu dau Aske Bizi Arratien taldeak

Asier Abrisketa 2022ko mar. 18a, 12:12

Domekan umeentzako tailerrak, herri kirolak, pailazoak eta txokolate beroa egongo dira frontoi txikian 11:00etako txupinazoaren ostean.

Martiaren 20an, Txikitatik Askatasunera izeneko jaia antolatu dau Diman AskeBizi Arratien taldeak, Dimako Guraso Elkartearen laguntzeagaz. Jai giroa ez da faltauko 11:00etatik aurrera frontoi txikian. Izan be, tailer ugari egingo ditue; txapak, arpegiak margoztu, txalapartea... Gero, txokolatea zerbitzauko da bertaratutakoen arten, herri kirol probetarako indarra hartzeako. Honen ostean egongo da ikusgai Antxo eta Pantxa pailazoen Antzarrekin dantza ikuskizuna.

COVID-19aren neurriakaz umeak asko sufridu dabela eta sufriduten segiduten dabela eretxita, pozez eta ilusinoz goiz bat pasetako aukerea emon gura izan deutsee antolatzaileek herritar txikienei. "Konfinamentu garaian 42 egunez, 1.008 orduz, luzaro, luzaroegian etxetik urten barik egon dira umeak. Bigarren mailako herritartzat konsiderau ebezan eta euren garapenari lotutako preminak ez ziran/ez dira kontuan hartu neurri hain gogorrak ezartzean, ezta neurriok umeengan egindako kalteak be" dinoe AskeBizi Arratien taldetik.

Jai txiki honegaz, "haurtzaroa ilusinoz, askatasun haizez, erabagiteko gaitasunez, besarkada estuz, konfiantzazko zaintzaz, eskubidez, emozino eta sentimentu osasuntsuz" bete gura dabe domeka goiza.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!