M8

'Amagana' dokumentala ikusi eta protagonistakaz egoteko aukerea egongo da Diman

Asier Abrisketa 2022ko mar. 4a, 11:59

Hilaren 6an, domekea, eskolako kamaran izango da emonaldia, 18:00etan. Gero, Bihotz Gorospek kantau eta Itziar Zabalak filmaren sorkuntzaren gainean hausnartuko dau ikusleakaz.

Domeka arrastian Itziar Zabala eskalatzaile dimoztarraren inguruko Amagana (Jon Goikoetxea eta Iker Larrañaga, 2021) dokumental laburraren proiekzinoa antolatu da, Emakume Langileen Nazinoarteko Egunaren programazino barruan. Dimako txoko ugari ageri diran pelikulan, kantuen arduradun eta abeslea be Arratiakoa da, Bihotz Gorospe igorreztarra. Biak egongo dira eskolako kamaran 18:00etatik aurrera.

Bertan, dokumentala aurkeztu eta proiektauko dabe. Ostean, Bihotz Gorospek abesti pare bat kantauko dauz. Amaitzeko, Itziar Zabalak be hartuko dau parte, pelikulearen sorkuntzaren gaineko berbaldia egingo dau. Dokumentala 2021eko Bilboko Mendi Film Festival-ean aurkeztu zan eta Euskerazko Film Onenaren saria jaso eban.

Sinopsia

Itziar Zabala Dimako eskalatzaile profesionalaren jaioterria eta kirol ibilbidea Bizkaiko paisaietan errotuta dago, beti be, Baltzola babesgune izanda. Haren altzoan, Baltzolako barrunbeetan, hasi eta segida dauan istorioa da Itziar Zabalarena, pasinoaren bihotz-minak gidari dauzala, batzuetan gozo, besteetan garratz, baina beti aberats. Bihotz Gorosperen ahots eta kanten doinura egiten dau amets eta kulunka, Itziarren arimeak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!