auzoak

Lur-jausi batek ur barik itxi dauz 300 dimoztar inguru

Asier Abrisketa 2021ko abe. 3a, 11:36

Kalte personalik ez dau eragin eguaztenean gertatutako lur-jausiak. Baina ur-hodi bat eta Artabilerako errepidea apurtu ditu, etxe batzuk be egon daitekez arriskuan.

Azkenengo egunetan jausi dan euriak kalte ugari sortu dauz aste honetan. Eguaztenean, mendi-lepo batek behera egin eban Diman, Oba inguruan. Lur masaren mobimentuak Oba, Baltzola, Bargondia, Egiraun Zubero, Lamindao, Arostegieta, Olazabal, Iturriotz, Bernaola, Indusi eta Zamakola auzoetako 300 biztanlerentzako ura garraiatzen eban hodi bat apurtu eban.

Josu Gorospe alkateak BEGITUri egindako adierazpenetan azaldu dau, Ur Patzuergoaren esanetan, urarena ez dala "momentu batetik bestera konponduko". Momentuz, denporaldi baterako urtenbide topetan ei dabiz. Patzuergoa kamioietan dabil auzoetara ura eroaten, goizeko 08:00etatik gaueko 22:00etara egongo dira Olazabaleko plazan, Lamindaon eleiza eta hilerri artean, Indusiko ermitan eta Bargondiako 18.ean.

Ura ebagitea ez da izan lur-jausiak eragin dauan kalte bakarra. Obako txoko parean errepidea guztiz ebagita dago, izan be, Artabilerako bidea apurtu eta hainbat pista mobidu dira lurragaz batera. Txabola bat be mobidu da beherantza, hainbat metro. Atzo, hilak 2, geologo bat egon zan gunea aztertuten, txostena hurrengo asterako espero dau Udalak.

Gorospe alkateak esan dauanez, "hiru edo lau etxe be egon daitekez arriskuan". Bertan bizi diranei etxetik urteteko eskatu jakie, badaezpada. Danak joan dira familia edo lagunen etxera, baina persona bat Dimako erresidentzian hartu dabe, etxe alternatibo barik egon dalako.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!