Eskupelotea

Garaio taldeak irabazi dau Dimeko VII. Udagoieneko Txapelketea

Asier Abrisketa 2021ko aza. 9a, 17:11

Hiru partidutatik bitan gailenduta lortu eben barikuan taldeko txapela. Amai Aldaik lortu eban Urrekoatxarentzako puntua eta Mikel Aurrekoetxeak barriz lortu eban pelotari onenaren saria.

Kadete mailakoak binaka urten ziren lehenengo Udagoieneko Txapelketearen finala topetan. Elorz eta Olazabalaga, Garaio taldekoak, hasikeratik lortu eben Ramirez eta Alvarez markagailuan aurreratutea. Urrekoatxako atzelaria deseroso ibili zan kantxan, eta posizinoz aldatu ziran partidu erdikaldean. Halanda be, Garaiokoak indartsu, 09-22 amaitu zan jokoa.

Andren kasuan Aldai gailendu zan, Urrekoatxarentzako puntua lortu eta finala irabazteko aukerak bardinduta. Maddalen Etxegaraik ezin izan eban bere jokoa erakutsi, izan be, gaztea da eta Aldaik bere indar nagusitasuna baliatu eban aurrera egiteko. 22-05 amaitu zan partidua eta, finala 1-1 bardinduta, emozinoz beteta hasi zan txapelketea erabakitzeko azken aukerea.

Partidu gogorra izan zan azkenengoa ikusleen artean be tensinoa igarri zan. Tantu eta pelotakada ikusgarriak ikusi ziran pelotari danen partetik. Azkenean, estu-estu baina Garaio taldeko Aimar Morgaetxebarriak eta Beñat Etxeita zeanuriztarra nagusitu ziran, 22-20 Gorka Lazkano eta Mikel Aurrekoetxearen aurka.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!