Berbaldia

Bizitza Arratia taldeak haurren eta covidaren inguruko berbaldia antolatu dau zapatuan

Asier Abrisketa 2021ko urr. 26a, 13:07

Rakel Amigo, osasun psikologoa eta psikoneuroinmunologian aditua eta Estibalitz Vegas psikologoa eta haurren prebenzinoan aditua, Dimako Abaroa aretoan egongo dira hilaren 30ean, 18:30ean, neurriok zelan eragin deutseen umeei eta zelan lagundu ahal jakien hausnartuteko.

Bizitza Arratia taldeak Haurrak eta COVID izeneko berbaldia antolatu dau, COVID-19ari datuetan oinarrituta eta "hedabideek emoten ez daben beste begirada bat emoteko asmoagaz". Urte eta erdi honetan COVID-19a dala-eta hartu diran neurri murriztaileek ume eta gazteei sufrimentu handia eragin deutsee askoren ustez.  Egoera honegaz lotuta  buruko nahasmentuak, arazo psikologikoak eta suizidioak asko hazi dira adin txikikoen artean.

Arazo larri honeen inguruan hausnartuteko eta egoereari buelta emoteko antolatu dau Bizitza Arratiak berbaldia. Adituen azalpenak gazteleraz izango dira baina entzuleak euskeraz parte hartu ahalko dabe, adituek euskerea ulertzen danez, "belarriprest" sistemea jarraituko da.

Bizitza Arratia taldea

Konfinamentua amaitu zanean, dekretuek ezartzen ebezan oinarrizko eskubideen urraketakaitik kezkatuta, Lemoako Karabie Gaztetxean egoerearen gainean hausnartzeko berbaldi batzuk antolatu ebezan, "Informatu, pentsatu, ekin" lemapean. Berbaldi hareetatik sortu zan Bizitza Arratia taldea, COVID-19ari aurre egiteko hartu diran neurriakaz kritiko dan jenteagaz. Momentu honetan, taldean, Arantzazu, Dima, Igorre, Lemoa eta Zeanuriko jentea dago.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!