Tubi barriro be Bizkaiko txapeldun izan da lasto altxetan

Asier Abrisketa 2021ko ira. 27a, 12:37

Zapatuan jokatu ziran Dimako frontoian Bizkaiko Lasto Jasotze eta Azkorako Bigarren Mailako Txapelketak. Lasto altxetan Jose Martin Bustinza “Tubi” eta Jon Loiola dimoztarrak eta azkoran Julen Mendieta lemoaztar beteranoak hartu eben parte.

Lasto Jasotze Txapelketeak emon eutsan hasikerea herri kirol emonaldiari, eta urte batzutan Gipuzkoako Txapelketea jokatzen ibili dan Tubik sasoi onean dagoala erakutsita eta minutu bitan 24 jasoaldi eginda eroan eban txapela. Bigarren izan zan Beñat Amade 22 jasoaldi eginda eta hirugarren Jon Loiola 18 jasoaldigaz. Tubik Bizkaiko hainbat txapel, Gipuzkoako bi eta Euskal Herriko 10 ditu.

Azkoran txanda bitan jokatu eben txapelketea, lehenengo txandan Beñat Lekue eta Marco Nevado Segoviakoa aritu ziran eta bigarren txandan Julen Mendieta, Daniel Lopez eta Aritz Oregi. Txapela Beñat Lekue Larrabetzukoak eroan eban eta Julen Mendietak atzen postuan amaitu eban.

Sariak emoten Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputadua eta Josu Gorospe alkatea egon ziran beste batzuen artean.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!