Amaia Aldaik irabazi dau Plazandreak Txapelketearen bigarren edizinoa

Asier Abrisketa 2021eko abuztuaren 3a

Uxue Oses eta Leire Garaigaz batera, Aldaik irabazi dau Plazandreak lehiaketearen txapela. Erlantz Garciak zuzendutako taldeak azken saioan jokatu ziran hiru partiduak irabaztea lortu eban.

245 lagun bildu ziran atzo Zornotzako pelotalekuan, eta gehiago telebistan, andra gazteen udako txapelketea ikusten. Hiru partidu jokatu eta hirurak irabazi ebazan Erlantz Garciaren taldeak. Birritan atera eban Amaia Aldai pelotalekura eta lan parebakoa egin eban Reyes Azkoitiak gidatutako taldearen kontra. Hamabi puntuko partiduetan, Miren Larrarte, Mirian Arraiza eta Arrate Bergara ez ziran sei tantuen muga gainditzeko gai izan.

Lehenengo aurrez aurrekoan Aldai Arraizaren aurka ibili zan. Hasikerako sakeagaz zazpi puntuko aldea ateratea lortu eban Aldaik eta bi oker egin ebazan Arraizak. 6-12 amaitu zan jokoa, 21 minututan  70 pelotakada eginda.

Hurrengoan binaka lehiatu ziran talde finalista biak. Oses-Aldai eta Larrarte-Bergararen arteko partiduan be Aldai, izan zan protagonistea sakean lortutako puntuak dirala eta. Reyes Azkoitiaren taldea hasikeran indartsu ibili bazan be, 5-12 amaitu zan jokoa, 189 pelotakadaren ostean.

Amaierako aurrez aurrekoan, txapeldunak ebatzita egon ziran baina Larrarte bere taldearentzako garaipen bat lortuten ahalegindu zan. Ez eban egun onena euki eta Garaik ez eutsan aukerarik emon. 6-12 amaitu ostean banatu ziran txapelak.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!