UDA

Udako ekintza desbardinetarako izen emoteak zabalik Bedian

Ager Barragan 2026ko martxoaren 3a

Martiaren 13ra arte egin daitekez Txiki-txoko, Udaleku, Uda Gaztea eta Udako Ludotekarako inskripzinoak liburutegian, 16:30etik 19:30era.

Aurten be, urtero lez,  ume eta gaztetxoentzako ekintza eskaintza zabala antolatu dau Bediako Udalak garagarrilerako. Txikerrenentzako Txiki-txokoa eta Udako Ludoteka, Lehen Hezkuntzakoentzako Udaleku irekiak eta gaztetxoentzako Uda Gaztea antolatu dira. Honeetan parte hartzeako, aldez aurretik emon behar da izena eta honetarako epea, atzo zabaldu eta hilaren 14an zarratuko da. Bediako liburutegian emon daiteke izena ekintza guztietarako, 16:30etik 19:30era.

Txiki-txokoa
Txiki-txokoa Haur Hezkuntzan dagozan umeentzako ludoteka erako txokoa izango da, aurten bagilaren 9tik garagarrilaren 10era arte zabalik egongo dana. Bertan, jolas eta tailer artean gozatuko dabe txikerrenek, 09:30etik 13:30era. 

Udalekuak
Lehen Hezkuntzako umeentzako udaleku irekiak bagilaren 29tik garagarrilaren 10era egingo dira herrian bertan. Jolasak, tailerrak, olinpiadak eta urtekerak egingo ditue, besteak beste. Goizeko ordutegian egingo dira baina urtekera egunetan, 17:30era arte egongo dira umeak okupauta. 225 euroko balioa dauka honek eta gazteen bazkariak prezioaren barruan sartuten dira.

Uda Gaztea
DBH eta Batxilerrean dagozan gaztetxoek barriz, Frantziar Alpeetan  dagoan Ecrins-eko Parke Nazionalaren ingurura joateko aukerea izango dabe garagarrilaren 11tik 17ra. Bertan, rafting eta amildegi jaitsiera moduko abentura ekintzak egin eta inguruko herriak bisitauko ditue. Personako 375 euro ordaindu beharko dira horretarako.

Udako Ludoteka
Txiki-txokoko ekintzak amaituta Haur eta Lehen Hezkuntzan dagozan umeek Udako Ludotekan parte-hartzeako aukerea izango dabe, garagarrilaren 14tik 24ra, 10:00etatik 13:00etara. Talde bi egongo dira, batean, Haur Hezkuntzakoek zirku tailerra eta ipuin kontaketak egingo dabez eta bestean, Lehen Hezkuntzakoek robotika eta patinaje tailerrak. Lehenengo astearen prezioa 30 eurokoa da eta bigarrenekoa be, 30 eurokoa da.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!