Martiaren 15 eta 16an, zapatu-domekan, jokatuko dira Bedian, IX. Kolazino Mendi Eguneko lasterketak. Lasterketa nagusia, 24 kilometrokoa, Euskal Herriko Koparako puntuagarria da. Guztira, 700 lagun baino gehiagok emon dabe izena lasterketaren baten edo mendi martxan parte hartzeako.
Zapatuan, lehenengoak urteten mendi martxako partaideak izango dira; 08:30ean, ekingo deutsie bideari. 10:00etan, hasiko da lasterketa nagusia, 24 kilometrokoa eta 11:30ean, 16 kilometrokoa. Ibilbidea aurreko urteetakoa izan arren, kontrako noranzkoan izango da aurten.
Bederatzigarren edizino honetan, lehenengoz, Kolazino txiki, umeentzako lasterketak antolatu dabez. Lasterketa honeek domekan izango dira.