udalekuak

Zabalik dagoz Bediako ume eta gaztetxoentzako udako ekintzetarako izen-emoteak

Asier Abrisketa 2025ko mar. 6a, 12:11

Martiaren 14ra arte egin daitekez Txiki-txoko, Udaleku, Uda Gaztea eta Udako Ludotekarako inskripzinoak liburutegian, 16:30etik 19:30era.

Aurten be, ume eta gaztetxoek ekintza eskaintza zabala izango dabe garagarrilean. Txikerrenentzako Txiki-txokoa eta Udako Ludoteka, Lehen Hezkuntzakoentzako Udaleku irekiak eta gaztetxoentzako Uda Gaztea antolatu dira. Honeetan parte hartzeako, aldez aurretik emon behar da izena eta honetarako epea, atzo zabaldu eta hilaren 14an zarratuko da. Bediako liburutegian emon daiteke izena ekintza guztietarako, 16:30etik 19:30era.

Txiki-txokoa

Txiki-txokoa Haur Hezkuntzan dagozan umeentzako ludoteka erako txokoa izango da, bagilaren 30etik garagarrilaren 11ra arte zabalik egongo dana. Bertan, jolas eta tailer artean gozatuko dabe txikerrenek, 09:30etik 13:30era. 120 euroko balioa dauka inskripzinoak.

Udalekuak

Lehen Hezkuntzako umeentzako udaleku irekiak be bagilaren 30etik garagarrilaren 11ra egingo dira herrian bertan. Jolasak, tailerrak, olinpiadak eta urtekerak egingo ditue, besteak beste. Goizeko ordutegian egingo dira baina urtekera egunetan, 17:30era arte egongo dira umeak okupauta. 200 euroko balioa dauka honek.

Uda Gaztea

DBH eta Batxillerrean dagozan gaztetxoek barriz, Huescako Pirinioetan dagoan Vignemale ingurura joateko aukerea izango dabe garagarrilaren 12tik 18ra. Bertan, rafting eta amildegi jaitsiera moduko abentura ekintzak egin eta inguruko herriak bisitauko ditue. Personako 350 euro ordaindu beharko dira horretarako.

Udako Ludoteka

Txiki-txokoko ekintzak amaituta Haur Hezkuntzan dagozan umeek Udako Ludotekan parte-hartzeako aukerea izango dabe, garagarrilaren 14tik 24ra, 10:00etatik 13:00etara. Talde bi egongo dira, batean zirku tailerra eta ipuin kontaketak egingo dira eta bestean, robotika eta patinajea. Lehenengo astearen prezioa 30 eurokoa da eta bigarrenekoa, 24 eurokoa.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!