izen-emotea

Gazte eta umeen ekintza ugaritarako izen-emotea zabaldu da gaur Bedian

Asier Abrisketa 2024ko mar. 1a, 10:00

Bagilean egingo dan Adimen emozionala ikastarorako zein garagarrileko Txiki-txokorako, udalekuetarako eta ludotekarako izen emoteak zabaldu ditue.

Bedian udan egingo diran ume eta gazteentzako ekintzen plana eginda dago eta honeetan parte hartzeako izena emon beharko da aldez aurretik. Gaur, martiak 1, hasi eta hilaren 15era arte, liburutegian egin daitekez izen-emoteak 16:30etik 19:30era.

Adimen emozionala ikastaroa

Hamabi eta hamazortzi urte bitarteko gazteentzako ikastaroa bagilaren 25etik 28ra emongo da, goizero 10:00etatik 14:00etara. Ikastaroak 70 euroko prezioa dauka.

Txiki-txokoa

Txiki-txokoa garagarrilaren 1etik 12ra egongo da zabalik, 09:30etik 13:30era. Hiru urtetik gorako umeak onartuko dira, beti be komunera fardel barik autonomoak badira. Bertan, tailer eta jolasak egingo ditue eta 110 euroko prezioa dauka.

Udalekuak

Lehen Hezkuntzan dagozan umeentzako udalekuak be, garagarrilaren 1etik 12ra izango dira. Ohiko ordutegia 09:30etik 13:30era izango da, urtekera egunetan barriz, 17:30era arte. 200 euroko prezioa dauka eta hau aprilaren 8an ordaindu beharko da. Halanda be, ordainketa bi egiteko aukerea be badago.

Uda gaztea

Hamabi eta hamazazpi urte bitarteko gazteek barriz, garagarrilaren 13tik 19ra arte, Barcena de Ebro ingurura joateko aukerea izango dabe kirol ekintzak egitera (rafting, kanoak...). 350 euroko prezioa dauka eta hau aprilaren 8an ordaindu beharko da. Halanda be, ordainketa bi egiteko aukerea be badago.

Udako ludoteka: Ludosport

Udako ludotekan ostera, garagarrilaren 15etik 24ra, adinaren araberako talde bi egingo dira. Hiru eta sei urte bitartekoek ingelesa eta zirku tailerrak landuko ditue. Zazpi eta hamabi urte bitartekoek barriz, robotika eta zirku tailerra. Astean zein hamabostaldian apuntau daiteke, lehen astek 30 euroko prezioa dauka eta bigarrenak, 18 eurokoa.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!