Bediako HUA

Ur patzuergoak Arratiako hondakin urak Sestaora eroateko obrak hasi dauz

Asier Abrisketa 2022ko urt. 27a, 17:46

Hamazazpi hile inguru barru geldituko da Bediako araztegia zerbitzuz kanpo, 3,2 miloi euro inbertidu ostean, Galindo sistemeagaz egin beharreko loturea amaitzerakoan.

2021eko urtearen amaieran hasi ziran lanak 18 hilabetetan amaitzea espero da eta 3.250.021,44 euroko inbersinoa beharko dala dago aurreikusita. Bedia, Lemoa, Igorre, Arantzazu, Dima, Artea, Areatza eta Zeanuritik datozen hondakin urak Galindoko (Sestao) araztegira eroango dira orduan, Bediako Hondakin Uren Araztegia zerbitzuz kanpo itxita.

Holan, Ibaizal errekea garbiago mantendu gura da, eta euri asko egiten dauanean, gainezkatzeak murriztea be espero da. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak adierazotakoaren arabera, hondakin uren kontrol eta kudeaketea hobetuko da obreagaz. Kolektore barri bat egingo dabe Bediako araztegia eta Galindoko sistemea banatzen dauan kilometroa lotuteko. Ganera, konexino puntuan dagozan instalazino batzuk barriztauko ditue eta ponpatze estazino barri bat eregiko dabe, oin dagoanaren ondoan, segunduko 320 litro mobiduteko gai izango dana.

Mendietako ponpatze estazinora helduteko hodia be birgaituko dau patzuergoak. Murtazarreko ponpatze estazino zaharra desegin eta Bediako araztegiko erreaktore eta dekantagailuak hesitu, hustu eta garbituko dira. Obrak egiten diran bitartean, Ibaizabal errekearen eskoieko ertzean dagoan biderako sarbidea zarratuko da Usansolora sartzeako N-240 errepideko biribilgunearen eta Bediako zentral hidroelektrikoaren arteko tartean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!