Fundacion de los Comunes alkarteak hirugarrenez antolatu dau urte birik behin egin dan Communia berbaldi-ziklo eta jaialdia. Lehenengo edizinoan egin zan moduan, aurten be Arteako Basoa Defendatzaileen Etxea izango da burruka desbardinak batuko dituan tailer, berbaldi eta eztabaiden egoitzea. Politikaren hondamendiaren garaian eta Klase-borroka eta borroka klaseak blokeetan banatuta, berbaldi, eztabaida eta mahai-inguruak egingo dira, bai eta kontzertutxoak, ibilaldiak, jantzak etab.
Hausnarketea eta eztabaidea sortzeako espazioa eregitea dira helburu nagusiak. Ordena globalaren kolapsoa gertatuten dan bitartean eta joko kapitalistaren arauak aldatzeari uko egin deutsan ezker progresistearen garaietan, Communian “behetik antolatutako burruketan, bizitzen politizazinoan eta komuntasunaren zentralidadean apustu” egingo da.
Ostatu zein bazkarietarako izena emon behar izan da aldez aurretik, daborduko zarratuta dagoz inskripzinoak baina berbaldietara joatea guztiz librea da.
Egitaraua
Garagarrilak 23, eguena
- 19:00etatik 20:30era, Kaos sistemikoa, hegemonia-aldaketa eta krisi klimatikoa berbaldia.
Garagarrilak 24, barikua
- 10:00etatik 12:00etara, Erreformismoaren bide laburra eztabaidea.
- 12:30etik 14:00etara, Sanchismoa eta hurrengo hauteskunde zikloa lantegia.
- 12:30etik 14:00etara, Hipotesi sindikalaren inguruko eztabaida lantegia.
- 16:00etatik 17:30era, gune eta taldeen topaketea.
- 18:00etatik 20:00etara, Internazionalismoa eztabaidea.
Garagarrilak 25, zapatua
- 10:00etatik 11:30era, Mugimendu sozialen gainbehera eta woke-aren despolitizazioa mahai-ingurua.
- 12:00etatik 13:30era, Zertarako balio digu feminismoak gaur? Klasea, zaintza eta emantzipazioa eztabaidea.
- 13:00etatik 15:00etara, gune eta taldeen topaketea.
- 16:30etik 18:00etara, Zein da behar dugun ekologismoa? Krisi ekologikoa, mundu-sistema eta antolaketa eztabaidea.
- 18:30etik 20:00etara, Antolakuntza faltatik haratago. Borrokak, eskala eta aukera komunak eztabaidea.