HERRIKO BENTA

Herriko Bentaren urteurreneko ospakizunak hilaren 18 eta 19an

Ager Barragan 2026ko apirilaren 17a

Hamar urte betetea mugarri bat da Arteako Herriko Bentarena moduko proiektu eraldatzaile batentzako. Holan, egitarau berezia antolatu dabe aprilaren 18 eta 19rako eta ardatza, oin arte lortutakoaz berba egin eta etorkizunaz hausnartutea izango da.

Honetarako tartea aprilaren 18an, zapatua, izango dabe 18:30ean Kultur Etxean. Izan be, Artea Herriko Benta eta harrera etxeko proiektuaren oraina eta etorkizuna berbaldia egingo da, proiektua hurragotik ezetuteko gogoa daukienentzako. Honen ostean, hamargarren urteurrena ospatuteko grabau daben abesti eta bideokliparen estreinaldia egingo da Kultur Etxean bertan. 

Abesti eta bideokliparen grabaketan Herriko Bentako kideek, Arteako hainbat herritarrek eta euskal artista ugarik hartu dabe parte: Petti, Itziar Ituño, Marina Urigoitia, Borja Estankona, Felix Valera, Jon Ander Perez, Agustin Perez Peironcely, Uri Carrey Mitxelena, Ainhoa Bernaola, Hodei Lete, Ruben Montero, Olatz Landajo, Aiala Landajo, Juantxu Domenech, Nikole Ziarrusta, Ihintza Angoitia, Asier Martin eta Luar Carrey. Bideoklipa ikusi ostean, 20:00ak aldera trikitilariek girotutako kalejirea egingo da eta tabernan pintxo-potea egongo da. 

Jurgi Ekiza zuzenean eta Arteako merkadua
Domekan barriz, hilak 19, Goizean zehar Arteako plazan ekoizle eta artisau merkadua egingo da eta ostean Jurgi Ekiza abeslariak zuzeneko kontzertua eskainiko dau Herriko Bentan, eguerdian, 13:30etik aurrera. 

Ekizak 2004an sortu eban Willis Drummond eta bertako gitarra-jole, abeslari eta letragilea izan da. 2014an etenaldia izan eban taldeak eta hor ebatzi eban bakarkako bideari ekitea. Orduan argitaratu eban bere lehenengo diskoa, Ekiza. Ahotsaz gainera gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa, bajua, pianoa, organoa, melodika, sanplerrak, perkusinoa eta bateria grabau ebazan berak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!